Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa komikiaren bidez

“Kulturarteko Hiriak-Etorkizuneko Arkitektura” tailerraren helburua parte-hartzea, eztabaida, kritika eta errespetua sustatzea da, giro seguru, praktiko eta sortzailean.

Bilboko Udalak, NET-IDEA Proiektu europarraren bidez, gazteentzako hainbat jarduera antolatuko ditu urrian, kultura arteko gaitasunak sustatzeko. Ekimen horietako bat “Kulturarteko Hiriak-Etorkizuneko Arkitektura” komiki-tailerra da, Kike Infame ilustratzailearen eskutik, parte-hartzea, eztabaida, kritika eta errespetua sustatzeko, giro seguru, praktiko eta sortzailean.

Tailerrak 8 ordukoak izango dira eta hainbat jatorritako 50 gaztek hartuko dute parte, “Cuaderno de Viaje hacia las Ciudades Interculturales” izeneko lana oinarri hartuta. Kulturarteko Hirien Estatuko Sareak (KHES) argitaratutako hezkuntza-materiala da koadernoa, eta gazteentzako modu grafikoan gizarteratu nahi ditu kulturarteko ereduaren printzipioak eta balioak.

Jarduera La Perrera eraikineko udal-instalazioetan egingo da, bi taldetan: lehenengoa, urriaren 6an, 11n, 18an eta 25ean, eta bigarrena, urriaren 5ean, 10ean, 19an eta 26an.

Fanzine

Tailerren emaitza gisa, tokiko fanzine bat egongo da, gaiaren inguruan modu grafiko batean sortutako hausnarketak bilduko dituena. Gainera, Bidaia Koadernoaren garapen gisa, protagonisten arteko elkarrizketak ere gidoituko dira, herritarrak sentsibilizatzeko ikus-entzunezko pilulak diseinatzeko. Era berean, gazteek aukera izango dute proiektuaren hiri guztiekin oro har antolatutako Europako argazki-kanpaina batean parte hartzeko.

NET-IDEA Europako Proiektuaren helburua da tokiko agintarien zeregina eta haien lankidetza indartzea aniztasunaren, kulturartekotasunaren, diskriminazioaren aurkako eta inklusioaren sustapenean. Bilboren kasuan, NET-IDEA Europako Proiektuan parte hartzeko konpromisoa eta prestakuntza hartu dute bai teknikariek bai gazteriaren arloan lan egiten duten hainbat erakundek: Udaleko teknikariek, Bakuva Elkarteak, IRSE Otxarkoagak, Caritasek Namasté Taldearen bitartez, MATIZ elkarteak, Gaztelekuk eta Tendel Elkarteak.