“Bertatik Bertara 2024” laguntzak kultura sektorerako

Laguntza horien xede nagusia da Bilbo, Santander eta Logroñoko kultura-sarearen arteko lankidetza sustatzea, urtean zehar beren kultura-eskaintza aberasteko.

Bilbo, Logroño eta Santanderreko kultura-arloko enpresa, elkarte eta profesionalak datorren martxoaren 7ra arte zabalik izango den “Bertatik Bertara 2024” laguntza deialdian izena emateko aukera dute.

Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailak, Santander Creativa Fundazioak (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unitateak bultzatutako ekimen honen helburua da hiru hirietako kultura-sarearen arteko lankidetza sustatzea, urtean zehar beren kultura-eskaintza aberasteko.

Deialdia

Laguntza-poltsa, guztira, 90.000 eurokoa izango da guztira, eta hautatutako 6 proiektuen artean banatuko da modu orekatuan. Proiektu bakoitzak 15.000 euroko aurrekontua izango du. Bereziki baloratuko da proposamenen originaltasuna eta gutxienez hiru hirietako kultur eragileen arteko elkarlana, baina lehentasuna emango zaie hiru hirietako eragileek bultzatutako ekimenei.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Langile Autonomoen Erregimen Berezian izena emanda dauden profesionalak izan behar dute, bai eta kultura-ondasunak sortu, ekoitzi, banatu eta merkaturatzen dituzten enpresak edo bestelako erakundeak ere, egoitza edo jarduera nagusia hiru hirietako batean dutenak eta tokiko erakundeei edo enpresa-erakunde publikoei lotuta ez daudenak.

Proiektuak bi hiritako bi kultura-eragilek edo hiru kultura-eragilek aurkez ditzakete, hiri bakoitzeko batek. Hautatuek proiektuaren amaierako memoria eta balantze ekonomikoa aurkeztu beharko dituzte.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia FSCren webgunean daude eskuragarri. Laguntza hauek jasotzeko epea martxoaren 7an amaituko da, eta eskatutako dokumentazio guztia posta elektronikoz bidali beharko da info@santandercreativa.com helbidera.

📷 bilbao.eus