Bidaia bat planifikatzen dugunean ezinbestekoa da izan daitezkeen arriskuak aintzat hartzea eta horiek barne hartuko dituen aseguru bat izatea. Euskal Herrian bertan geratzen bazara edota Espainiara edo Europar Batasuneko beste herrialde batera bidaiatzen baduzu, gomendagarria da laguntza-aseguru bat izatea ustekabeko fakturak ez jasotzeko.
Bidaiatzen dugunean gehien izaten diren ezbeharrak osasunarekin erlazionatuta daude. Unespak (aseguru-etxeen ugazaberiak) egin duen ikerlan baten arabera, bidaietako laguntza-aseguruei ematen zaizkien ezbehar-jakinarazpenen % 40 inguru gaixotasunen ondorio dira.
Baina gaixotasunena ez da oporretan izan dezakegun arazo bakarra. Aseguru on batek gure oporretan arazoak sor ditzaketen bestelako ezbeharrak ere hartzen ditu bere gain. Adibidez, bidaia bertan behera utzi behar badugu ezerezte-gastuei lotutako estaldura kontuan hartu beharko dugun zerbait da. Hainbat estaldura kontrata daitezke aseguruarekin batera. Beharren arabera aukeratu beharko ditugu horiek, baina badira kontuan hartzeko bi: aldez aurretik bueltatu behar izateagatik erator daitezkeen gastuak eta bagajea galdu edo lapurtu izan digutelako izan ditzakegun arazoak estaltzen dituztenak.
Zergatik kontratatu bidaia-aseguru bat
Lehenik eta behin, ulertu behar dugu bidaia-aseguru bat kontratatzea, hotela edo hegaldiak bezala, ezinbesteko premisa dela bidaia bat hasi aurretik. Espainiara (Gizarte Segurantzaren bidez) edo Europar Batasuneko beste herrialde batera (Europar Osasun Txartelaren bidez) bidaiatzen baduzu, printzipioz, gutxieneko laguntza bermatuta izango duzu, baina, zenbait kasutan, ez da nahikoa izango. Kasu horretan, osasun-laguntza lortuko dugu (ez beti), baina ez bagaje edo kirol materialaren galera edo hausturak. Aseguru batek, beraz, osasun-estaldura soila baino estaldura gehiago eskainiko dizkizu.
Beste hainbat herrialdetan (Errusia edo Iran kasu), berriz, sarrera-bisarekin batera bidaia-aseguru bat izatea eskatuko dizute.
Nola aukeratu bidaia-asegurua
Bidaia-aseguru bat kontratatzerakoan, bereziki atzerrira joaten bazara, hiru dira kontuan izan beharko dituzun estaldura motak: osasun-estaldura, aberriratze-estaldura eta ezerezte-estaldura.
Bidaia-aseguru bat kontratatzeko arrazoi nagusia helmugan kalitatezko laguntza mediko bat bermatzea da. Modu horretan, ezbeharren bat izatekotan, diru asko aurrezteko aukera izan dezakezu. Aseguruaren arabera, osasun-estaldura ezberdina izan daiteke. Horregatik, funtsezkoa da zehatz mehatz jakitea gure aseguruak zein nolako estaldura eskaintzen digun.
Esan bezala, Estatuaren barruan egiten den edozein bidaiarako, printzipioz, osasun-estaldura Gizarte Segurantzaren esku dago. Gauza bera Europar Batasunaren barruan bidaiatzen badugu eta Europar Osasun Txartela (EOT) badugu. Kasu horretan, eta herrialdearen arabera, kontuan izan beharko dugu hainbat kasutan jasotzen dugun laguntza medikoa gure poltsikotik ordaindu beharko dugula eta, ondoren, beharrezkoak diren gestioak egin beharko ditugula diru hori berreskuratzeko. Kontuan hartu beharko dugu EOTa soilik larrialdi medikoetarako dela eta ez dituela bere gain hartzen aberriratzea edo bestelako estaldurarik (osasun garraioa, egonaldi luzeak…)
EOTa onartzen ez duen herrialderen batera bidaiatzen baduzu, bidaia-asegurua ezinbestekoa izango duzu laguntza medikoa jaso ahal izateko. Estatu Batuetan, adibidez, berma-hezurra eta peronea hausten badituzu ebakuntza egiteagatik 240.000 euro inguru ordaindu beharko zenituzke. Hainbat herrialdetan gastu medikuak oso altuak izan daitezke nahiz eta ezbehar txikiak izan eta, horregatik, osasun-estaldura duen aseguru bat kontratatzeak lasaitasuna emango dizu.
Baina ezbeharrak batzuetan larriagoak izan daitezke eta, zenbait kasutan, aberriratzea ere eskatzen dute. Aberriratze gastu horiek oso altuak izan ohi dira eta, horregatik, horiek bere gain hartuko dituen aseguru bat izatea gomendagarria da, bereziki, adibidez, arrisku kirolen bat egitea planifikatuta baduzu.
Estaldura horrek larrialdi kasuetan edo zure kabuz mugitu ezin bazara etxera bueltatzerakoan erator daitezkeen gastu guztiak hartuko lituzke bere gain.
Azkenik, gerta liteke azken momentuan bidaia bertan behera utzi behar izatea. Azken momentuko gaixotasun bat, senide edo ezagun baten heriotza… asko dira bidaia bertan behera uztera behartu zaitzaketen arrazoiak. Bidaiarako datak finkatuta badituzu gomendagarria da horrelako estaldura kontratatzea. Beste aukera bat joan eta etorriko bidaietarako datak zabalik uztea da.
Zure bidaiara egokitutako asegurua
Bidaiatzeko aseguru bat behar duzula ezinbesteko premisa dela ikusirik, aseguru hori gure bidaiara ahalik eta gehien egokitzea lortu behar dugu. Ikusiko dugun bezala, ez da gauza bera oporretan Landetako kanpin batera joatea edo Estatu Batuetara arrisku kirol bat egitera joatea. Azken kasu horretan, berariazko estaldurak kontratatu behar izango ditugu ahalik eta lasaien egoteko.
Asegurua kontratatzerakoan, ezinbestekoa da bidaiaren ezaugarri berezietara egokituko diren estaldurak kontratatzea. Era berean, estaldura ekonomikoa bidaiatzen duzun herrialdearen bizitza-mailara egokituta izan beharko du. Ez da gauza bera Estatu Batuetara edo Argentinara bidaiatzea.
Bidaia bat erosterakoan, kasu gehienetan, kreditu-txartelarekin ordainduko dugu. Kreditu-txartelen onuradunek bidaiarako zenbait estaldura lor ditzakete eta, egin behar den bidaiaren arabera, agian nahikoa izan daiteke. Komenigarria da txartelak ematen dizun estaldura ezagutzea eta zure bidaiarako nahikoa izango den ala ez alderatzea.
Kreditu-txartelek eskaintzen dituzten estaldurak txartelaren arabera alda daitezke. Horrela maila altuko txartelek estaldura handiagoak eskaintzen dituzte.
Chari Campos. Laboral Kutxako Aseguru Produktuen teknikaria
Bidaia-aseguru bat kontratatzerakoan zeintzuk lirateke aintzat hartu beharko genituzkeen alderdiak?
Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu nora joan nahi dugun eta zein nolako bidaia egingo dugun. Helmugaren arabera eta bertan egin nahi dugunaren arabera aseguru bat edo beste kontratatu beharko genuke.
Demagun Espainian bertan geratuko garela. Aseguru bat kontratatu beharko genuke?
Printzipioz, Gizarte Segurantzak gutxieneko osasun-estaldura bermatzen dizu. Hala ere, oporretan egin nahi dugunaren arabera, agian estaldura gehiagoren beharra izan daiteke. Adibidez, arrisku kirolen bat egin nahi badugu, komenigarria litzateke horretara egokitutako aseguru bat kontratatzea. Laboral Kutxan, adibidez, neguko kiroletarako, arrisku kiroletarako edota Santiagoko Biderako berariazko aseguruak eskaintzen ditugu.
Europara bidaiatzen badugu, nahikoa da Europar Osasun Txartelarekin?
Europar Osasun Txartelak ere gutxieneko laguntza-medikoa eskaintzen dizu, baina, kontuz, zenbait herrialdetan dirua aurreratu behar baita eta. Gainera, EOTak ez du aberriratze edo bestelako estaldurarik. Laguntza medikoa estaldura garrantzitsuena da, baina ez bakarra.
Munduan zehar bidaiatzeko, berriz, asegurua ezinbestekoa izan da…
Hala da, bai. Zenbait kasutan, bisa lortzeko ezinbesteko eskakizuna delako eta beste hainbat kasutan, ezbeharren bat gertatzekotan gastu medikoak oso altuak direlako.