Bidaien inguruko ikuspegi ezberdin bat

Begoñako eta Santutxuko Udaltegiek ‘Bidaiaren Txokoa’ programaren edizio berri bat hartuko dute martxoaren 9tik 17ra.

Martxoaren 9tik 17ra bitartean Begoñako eta Santutxuko Udaltegiek Bilboko Udalak antolatzen duen ‘Bidaiaren Txokoa’ programaren edizio berri bat hartuko dute. Programak bidaiarien esperientziak hurbiltzen dizkio bertaratzen direnei, bidaiei eta abenturei buruzko ikuspegi hurbiletik eta desberdinetik. Programaren barruan hitzaldiak eta ikus-entzunezko solasaldiak antolatu dira.

Egitaraua

Aurtengo edizioan parte hartuko duen solaskideetako bat Andrea Bergareche izango da. ‘Lápiz nómada’ blogeko egileak 40 herrialdetan baino gehiagotan bizitako esperientziak azaldu ditu martxoaren 9an Santutxuko Udaltegian.

Martxoaren 10ean Anna Naglayak ‘Back to the roots’ dokumentala aurkeztuko du Begoñako Udaltegian. Begoñan ere haurrei zuzendutako ‘Mundua hankaz gora!’ ikuskizuna ikusi ahal izango da martxoaren 11an. Eta martxoaren 13an, Begoñan ere, Mendi Film Festival film laburren emanaldia izango da. Hiru film labur izango dira ikusgai: ‘Joy’ (Aner Etxebarria), ‘A Baffin vacation’ (Sarah McNair-Landry eta Erik Boomer) eta ‘El retorno’ (Alberto M. Flechoso).

Martxoaren 14an, Santutxuko Udaltegiak Jon Galdós Elgezabalen ‘Basajaun en el sendero de los Apalaches’ hitzaldia hartuko du. Galdósek AEBetako 14 estatu zeharkatzen dituen Appalachian Trail mendi-ibilbidea osatu du eta horren inguruko bitxikeriak azalduko ditu.

Martxoaren 15ean, Mendi Film Festivaleko beste zenbait film labur ikusi ahal izango dira Begoñan: ‘Iretargi’ (Janire Etxabe); ‘Yhabril: el buscador de luz’ (Phelipe Eizagirre); ‘Lobos’ (Marina G. Andreu); eta, ‘Into the ice’ (Andrew Opila).

Martxoaren 16an, Santutxun, Henna Taylor zuzendariaren ‘An accidental life’ filma ikusi ahal izango da.

Martxoaren 17an, Begoñan, Juanjo San Sebastiánen ‘El viaje’ dokumentala izango da ikusgai.

Bestalde, martxoaren 2tik 17ra bitartean, Begoñako Udaltegian, ‘Bidaia hiri amaigabera’ izeneko argazki-erakusketa ikusi ahal izango da. Erakusketa hori Santutxuko udaltegian izan da ikusgai otsailean zehar. Erakusketak Vicente Ferrer Fundazioak Indian egiten duen lana erakusten du.

Azkenik, martxoaren 6tik 18ra bitartean, Begoñan, ‘Odisea Espazioan’ izango da ikusgai.