Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa

Azaroaren 14an hasi eta 19an amaituko den XXII. edizioak 29 film hartuko ditu. Gazteei zuzendutako atala ARK-MO ekimenaren bidez indartuko da.

Azaroaren 14tik 19ra Bidasoako Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiaren(FICAB) XXII. edizioa ospatuko da Irunen. Aurtengo edizioan, guztira, 29 film eta 5 ARK-MO film labur ikusi ahal izango dira. 37 emanaldi eta amaierako filma izango dira guztira. Saio guztietarako sarrerak doakoak izango dira eta online eskura daitezke.

Xabier Peñalver arkeologo ezaguna astelehenetik ostiralera 17:00etatik aurrera Amaia KZn izango diren solasaldietan  izango da.

Aurtengo edizioan Javier Truebak bere azken lana den “El Sueño de la Vida Eterna” lana aurkeztuko du. Hitzordua azaroaren 16an izango da, arratsaldeko 7etan. Film hau, ONCErekin elkarlanean, ikusmen urritasuna duten pertsonek AUDESC sistemari esker ikusi ahal izateko aukeratutako dokumentala da.

ARK-MO

Aurten, hezkuntza-atala ARK-MO izeneko ekimenaren bidez indartuko da. Horretan, gazteek beren inguruko ondare arkeologikoaren balioa aitortzen dute, ikastetxeek lagunduta, bost minutuko film laburrak eginda. Film labur horien ondoren, ikasleentzako hautatutako filmak emango dira, euskarazko azpidatziekin. Ikastetxeen eskura jarriko da, gainera, “Arte Paleolito Argitara”filmaren inguruan Ikertzek egin duen proiektu pedagogikoa.

Aurtengo edizioaren beste berritasun bat memoria historikoari eta arkeologiari eskainitako leihoa izango da. Azaroaren 19an aipatu bi gai horiek jorratzen dituzten bi film ikusi ahal izango dira.

Gainera, Donostiako Aquariumarekin elkarlanean, urpeko gaiak jorratzen dituzten filmak proiektatuko dira Mertxe Urteagaren eta Ander Arreseren eskutik. Horrez gain, Tabakalerak Donostialdeko ikasleentzako prestatutako hezkuntza-saioa hartuko du. Aurtengo edizioari amaiera emango dion filma “Monty Python eta Graal Santua” lan dibertigarria izango da. Behin zinemaldia amaituta, sarituak diren lau lanak Bilbon ikusi ahal izango dira hil honen amaieran.