Z Belaunaldiko gazteen % 90 inguruk bideojokoetan jolasten du

Z Belaunaldiko gazteek nahiago dituzte ekintza-, borroka- eta abentura-jokoak eta dibertimendua, jokatzeko gaitasuna eta istorioa baloratzen dute

Z Belaunaldiko gazteen % 90ek, hots, 13 eta 22 urte bitarteko horiek, bideojokoetan jolasten du mugikorrarekin, kontsolarekin edo ordenagailuarekin. Hori da, hain zuzen ere, Lab42k berriki egin duen azterlan batek utzi duen ondorio nagusia. Bertan, Z Belaunaldiko eta aurreko belaunaldiko gazteen ohiturak aztertu eta alderatu dira: Millennialak (23-34 urte), X Belaunaldia (35-54 urte) eta Baby Boomer-ak (55 gorakoak).

Z gazteek gehien erabiltzen dituzten plataformak kontsola (% 37) eta telefonoa dira (% 31). Millennial gazteen kasuan, berriz, oreka handia dago bi plataforma horien artean (% 37).

Maiztasuna

Azterlanak agerian utzi duenez, Z Belaunaldiko gazteek Millennial gazteek baino maiztasun txikiagoarekin jolasten dute. Egunero jolasten duten horiek gehiago dira Millennial gazteen artean (% 56) Z gazteen artean baino (% 48). Baina behin jolasten hasita, Z gazteek Millennial gazteek baino denbora gehiago ematen dute jolasten. Batez beste Z gazteek lau ordu ematen dute egunean, Millennial gazteek baino % 23 gehiago.

Generoak

Gustuko dituzten jokoetan ere aldeak ikus daitezke belaunaldi ezberdinen artean. Z Belaunaldiko gazteek nahiago dituzte ekintza-, borroka- eta abentura-jokoak eta ez dute buru-hausgarri, hitz edo kasino jokoetan aritzeko joera handirik, aurreko belaunaldien artean askoz ere ezagunagoak diren generoak.

Bideojoko Z Belaunaldia

Gainera, Z gazteek Let’s play delako fenomenorako joera handiagoa azaltzen dute. Hau da, ikusle izatea gustatzen zaie eta beste jokalari batzuen partidak jarraitzeko ohitura dute (% 52 Z gazteen kasuan, % 47 Millennial gazteen kasuan eta % 37 X gazteen kasuan). Hala ere, Millennial gazteak dira beste jokalarien partidak ikusten denbora gehien ematen dutenak: % 48 ordubete baino gehiago ematen du egunean horrelako edukiak ikusten.

Baloraziorako irizpideak

Bideojokoak baloratzeko Z gazteek gehien erabiltzen dituzten irizpideak dibertimendua, jolasteko gaitasuna eta historia dira. Millennial eta X gazteen kasuan, berriz, erronka da ezinbesteko ezaugarria.

Millennial gazteekin alderatuta, Z gazteek bideojokoetan diru gutxiago gastatzeko joera azaltzen dute. Z gazteen % 28 inguruk ez du dirurik gastatzen bideojokoetan eta kopuru hori hamar puntu baxuagoa da Millennial gazteen kasuan. Gainera, Z gazteek ez dute jokoaren barruan erosketak egiteko joera handirik, ez behintzat Millennial gazteek bezain beste. Z gazteen artean, bideojokoetan dirua gastatzen duten horien artean, herenak baino gehiagok 10 euro baino gehiago gastatzen ditu hilero.

Z belaunaldiko emakumeek noizbehinkako jokalariak izateko joera dute eta nahiago dituzte Match 3 (Candy Crush bezalakoa), puzzleak, hitzak edo ustekabeko ekintzak bezalako generoetako mugikorretarako jokoak. Era berean, maiztasun txikiagoz eta denbora gutxiagoz jolasten dute, eta beren belaunaldiko gizonek baino diru gutxiago gastatzen dute.