Royal Society Open Science aldizkariaren ikerketa baten arabera, desoreka handia dago bideojokoetako elkarrizketetan gizonezko pertsonaiek eta emakumezko pertsonaiek duten protagonismoaren artean. Glasgowko Unibertsitateko Stephanie Rennick eta Cardiffeko Unibertsitateko Seán G. Roberts doktoreek zuzendutako ikerketa rol bideojokoetan (RPG) oinarritu da eta gizonezko pertsonaiek emakumezkoek batez beste hitz egiten dutenaren bikoitza hitz egiten dutela aurkitu dute.
Ikerketan 50 bideojokotako 13.000 pertsonaia baino gehiago aztertu dira eta pertsonaia maskulinoek, batez beste, pertsonaia femeninoek hitz egiten dutenaren bikoitza hitz egiten dutela aurkitu da
Eskala handiko lehen ikerketa honetan 50 RPG bideojokotako 13.000 pertsonaia baino gehiago aztertu dira. Aztertutako tituluen artean, adibidez, Final Fantasy X-2 edo King ‘s Quest VII bezalako bideojokoak aurkitzen dira, non pertsonaia femeninoek garrantzi handia duten. Aztertu diren bideojokoen % 94an pertsonaia maskulinoek femeninoek baino gehiago hitz egiten dutela aurkitu da. Desoreka handia, pertsonaia nagusiei ez ezik, bigarren mailako pertsonaiei ere eragiten diena.
Desoreka handia
“Oro har, bideojokoetako elkarrizketetan pertsonaia maskulinoen protagonismoa handiagoa izatea espero genuen arren, harrigarria iruditu zitzaigun ikustea bideojoko gutxitan (50etik hirutan bakarrik) pertsonaia femeninoen protagonismoa elkarrizketetan % 50 gainditzen zuela”, adierazi du Rennick doktoreak, Glasgowko Unibertsitateko Humanitate Fakultateko ikertzaile elkartuak.
Ikerketak desoreka ere aurkitu zuen pertsonaiek hitz egiten duten beste pertsonekiko. Horrela, pertsonaia maskulinoek beste pertsonaia maskulinoekin elkarreragiteko joera duten bitartean, pertsonaia femeninoek uste baino gutxiago hitz egiten dute beste pertsonaia femeninoekin.
Ikerketak agerian utzi duenez, pertsonaia femeninoen protagonismoa bideojokoetako elkarrizketetan gero eta handiagoa den arren, hamarkada bat baino gehiago beharko litzateke parekotasuna lortzeko.