Google munduko enpresarik handienetakoa da, baina ez da espero zitekeen bezain serioa. Horrelako enpresa handietan ere umore ona izan daitekeela frogatu nahi izan dute Google-n. Horrela, munduko internet bilatzailerik garrantzitsuenean bilaketa zehatz batzuk egitean, Google-k emaitza bitxiak bueltatzen ditu.
Adibidez, Google-n ‘Find Chuck Norris’ (Aurkitu Chuck Norris) idazten badugu eta ‘Baietz lehenengoan!’ botoia sakatzen badugu (‘Voy a tener suerte’ gaztelerazko bertsioetan) bilatzaileak ez du inolako emaitzarik emango eta horrelako mezua jarriko du: “Google-k ez du Chuck Norris bilatuko, jakina da ezinezkoa dela bera aurkitzea. Berak aurkituko zaitu”.
Bilatzailean “Do a barrel roll” idazten badugu, berriz, gure pantailako irudiak buelta emango du. Era beran, “Tilt” (okertu) idazten badugu, pantailan azaltzen den irudia okertuta azalduko da.
Azkenik, Google-k grabitatearekin ere txantxa egiten du. “Google gravity” idatzi eta ‘Baietz lehenengoan!’ botoia sakatzen badugu, bilatzailean diren botoiak grabitate indarraren eraginez ‘erori’ egingo dira.