Bilbok aterpe klimatikoen kanpaina abiatu du

Hirian eskuragarri dauden 131 babesleku klimatikoen erabilera sustatu nahi duen ekimenak herritarrak kontzientziatu nahi ditu muturreko berotik babestearen garrantziaz

Urtuta dagoen termometro handi bat jarri dute Bilboko Areatzan, muturreko beroaren ondorioak sinbolizatzeko eta hiriko babesleku klimatikoen berri emateko. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatutako ekintza honek herritarrak sentsibilizatu nahi ditu tenperatura altuetatik babesteko neurriak hartzearen garrantziaz.

Bilboko batez besteko tenperatura gradu bat baino gehiago igo da 1990. urteaz geroztik., Horren ondorioz, 35ºC-tik gorako tenperaturak izan dituzten egunen kopurua ere igo egin da. Joera horrek bere horretan jarraitzea espero da. Aurreikuspenen arabera, urteko batez besteko tenperatura 1,5 ºC eta 5 ºC artean igoko da XXI. mendean zehar. 2050erako, bero-boladak udako egunen % 30 izan litezke.

Urtutako termometroa uztailaren 30era arte egongo da ikusgai, eta herritarrei Bilboko babesleku klimatikoen kokapenaren eta zerbitzuen berri emateko hainbat ekimenen parte da. Termometroaren aurkezpenean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko zinegotziak kolektibo ahulenak bereziki babestearen garrantzia nabarmendu du, hala nola adinekoak, bularreko haurrak eta osasun delikatua duten pertsonak.

Babesleku klimatikoak

Babesleku klimatikoen kokapena eta zerbitzuak ezagutarazteko, hogeita hamar binilo informatibo jarriko dira Bilboko kaleetan, eta liburuxka informatibo bat banatuko zaie etxe guztiei. Gainera, duela gutxi dibulgazio-jardunaldi bat egin zen Itsasmuseum-en, eta bertan aterpe klimatikoen sareko hainbat erakunde laguntzailek parte hartu zuten.

Kanpaina honen helburua da herritarrak sentsibilizatzea, muturreko berotik babesteko babesleku klimatikoen existentziari eta erabilgarritasunari buruz. Era berean, klima-aldaketaren larritasunaz eta hiriaren ingurumen-inpaktua murrizteko norbanakoen ohiturak aldatzeko beharraz kontzientziatu nahi da.

Bilbok 131 babesleku klimatiko ditu gaur egun, barruko 65 espaziotan eta kanpoko 66tan banatuta. Bilboko biztanleriaren % 96 babesleku klimatiko batetik 300 metro baino gutxiagora dago, eta % 43 100 metro baino gutxiagora. Barruko aterpeetan sartzen dira liburutegiak, gizarte-etxeak, kirol-ekipamenduak, garraio-geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-guneak, urarekin hoztutako espazioak eta atsedenlekuak eskaintzen dituztenak.

Bestalde, kanpoko babesleku klimatikoak landaretza eta itzal ugariko berdeguneak dira, sentsazio termikoa hobetzen dutenak eta beroaren aurkako babes naturala eskaintzen dutenak. Ura duten iturriak eta espazioak ere babesleku-sare horren parte dira, eta freskatzeko eta hidratatzeko aukera ematen dute.

Babesleku horiek bereziki garrantzitsuak dira biztanle kalteberenentzat, eta sintoma larriak eta heriotza ere eragin dezaketen bero-kolpeak prebenitzen laguntzen dute.