Bilboko Udalak Blas de Otero-Ángela Figuera Poesia Sarien XVII. edizioko eta Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren XXV. edizioko sariak banatu ditu.
Blas de Otero-Ángela Figuera poesia lehiaketak 1.000 lan baino gehiago jaso ditu, iazko kopurua 200 lanetan gaindituz. Lanak Euskaditik, estatuko gainerako autonomia erkidegoetatik, Europatik eta Latinoamerikatik iritsi dira.
Euskarazko modalitatean, lehen saria Iban Garro Alzurik jaso du “Euri Beroak” lanagatik. Epaimahaiak azpimarratu duenez, poema liburu hau oso ondo egituratuta dago, tonu eta erritmo egokietan. Nabarmentzeko da ere bere originaltasuna prosa poetikoa eta lirika uztartzen dituenean eta egileak ironiaren eta itxaropenik ezaren arteko jolasa mantentzen duen hizkuntza poetikoa erabiltzen duenean.
Gaztelaniazko modalitatean, lehen saria David López Sandovalek irabazi du “Arte Menor” lanarekin. Egile kordobarra, Filologia Hispanikoan doktorea, irakaskuntza eta literatura sorkuntza uztartzen ditu. Epaimahaiak “Arte Menor” “jakinduria poetikoz betetako lana” dela adierazi du, “tradizioa naturaltasunez txertatzen dakiena eta kantu bihurtzen diren eta gai unibertsal handiak jorratzen dituzten poemetan trebetasun erritmiko aparta erakusten duena”.
Bi saridunek 5.500 euro eta euren lanen argitalpena jasoko dituzte.
Miguel de Unamuno Saiakera Saria
Miguel de Unamuno Saiakera Sariak bere XXV. edizioa ospatu du aurten. Guztira, 149 lan jaso dira gaztelaniazko modalitatean eta eta 7 euskarazko modalitatean.. Saiakera lehiaketako irabazleek 6.000 euro jasoko dituzte bakoitzak eta euren lanak argitaratuko dira.
Euskarazko modalitatean, Mitxelko Uranga Álvarezek irabazi du lehen saria “Emognosioa Egia-ostea, Konspiranoia eta negazionismoa” lanarekin. Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera, gaurkotasun handiko gai bati heltzen zaio eta, gainera, gaiari buruzko hausnarketa sakona egiten da hainbat helegiteren bidez.
Gaztelaniazko modalitatean, berriz, Jorge Fernández Gonzalo izan da irabazlea “Paradigmas migrantes. Estéticas y experiencias migratorias de mujeres” lanarekin. Epaimahaiak lan honen interesa eta gaurkotasuna baloratu ditu, non migrazio-prozesua testuinguru politiko, espazial eta denborazko desberdinetan bizitzeko modu desberdinak aurkezten diren, emakume migratzaileen posizio marjinala eta konplexua agerian utziz.