Bilboko “Emakumeen Etxea” Atxurin egongo da

Parte hartzeko espazio berriaren helburuak izango dira berdintasunean aurrera egitea, indarkeria matxista desagerraraztea eta emakumeen ahalduntzea sustatzea

Bilboko Udalak hiriko lehen ‘Emakumeen Etxea’ izango du laster, Ollerietako eskola zaharren eraikinean, Atxuri kaleko 45. zenbakian. Emakumeei zuzendutako gune berri honek Bilboko erreferente bihurtu nahi du benetako berdintasunean aurrera egiteko, indarkeria matxista desagerrarazteko eta emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko.

Azpiegitura feminista berri honen arkitektura-proiektua Udaleko Herri Lan eta Zerbitzu eta Berdintasun arloek garatuko dute, Kontseiluaren Lan Batzordean dauden emakume-elkarteen eta Bilboko auzoetako beste talde eta erreferente feminista batzuen lankidetzarekin.

Eraikina egokitzearekin batera, Udalak modu parte-hartzailean zehaztuko du Emakumeen Etxearen Jarduera Plana, azpiegitura berriaren helburuak, zerbitzuak, ekimenak eta funtzionamendua barne hartuta.

Udalaren hainbat urtetako lanaren emaitza da Emakumeen Etxea sortzea. 2020an, Euskadiko emakumeen etxeen errealitateari buruzko azterlan bat egin zen, Bilboko udalerriaren errealitatera egokitutako ahalduntze-gune bat diseinatzeko. 2022an, partaidetza-prozesu bat garatu zen, Bilboko emakumeek parte hartzeko espazioei eta ekintzei buruz duten iritzia ezagutzeko.

Espazio berri honen helburua da proiektu estrategikoa eta erreferente izatea Bilbon, genero-berdintasuna sustatzeko, indarkeria matxista desagerrarazteko eta emakumeak ahalduntzeko, bai banaka, bai taldean.