Bilboko hilerria zinema-agertoki

Bilboko Udal Hilerriak Film Laburren Lehiaketaren lehen edizioa hartuko irailaren 20tik 22ra bitartean

Bilboko Udal Hilerria zinema-agertoki bihurtuko da irailaren 20tik 22ra bitarteko asteburuan, Bilbao Zerbitzuak kanposantuko 2024 kultura-agendaren barruan antolatutako lehen film laburren lehiaketa dela eta. Ekimenak Bilboko hilerriko kultura eta ondare aberastasuna islatzen duten lan sortzaile eta originalenak saritzea du helburu.

Parte hartu nahi duten taldeek, gehienez bost lagunek, irailaren 19ra arte eman ahal izango dute izena Bilbao Zerbitzuak webgunearen bidez. Lehiaketaren oinarriak leku berean daude eskuragarri. Film laburrek gehienez hiru minutuko iraupena izango dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo elebitan aurkeztu ahal izango dira. Filmaketen kokaleku espezifikoak irailaren 20ko 10:00etan jakinaraziko dira, eta obrak irailaren 26ko 12:00ak baino lehen entregatu beharko dira WeTransfer plataformaren bidez.

Lehiaketak 1.000 euroko lehen saria eta 500 euroko bigarren saria emango ditu. Gainera, 200 euroko bi akzesit ere egongo dira: bat Gazte Zuzendaritzarik onenarentzat, 18 urtetik beherakoentzat, eta beste bat publikoak gehien bozkatutako obrarentzat. Saritutako lanak Bilbao Zerbitzuak enpresaren jabetzakoak izango dira, eta bere arte-bilduman sartuko ditu; saritu gabekoak, berriz, dohaintzan eman ahal izango dira.

Epaimahaia Bilbao Zerbitzuak-eko ordezkari batek eta kulturaren eta zinemaren munduko profesionalek osatuko dute, eta 20 lan aukeratuko ditu. Obra horiek jendaurrean erakutsiko dira eta herri-bozketa egingo da. Sariak banatzeko ekitaldia hilerriko kaperan egingo da irailaren 27an, 19:00etan, publikoaren parte-hartzearekin film labur irabazlearen aukeraketan.