Pinturaren eta artearen zaleek hitzordua dute Bilboko Udal Hilerrian ekainaren 4an. Egun horretan Bilbao Zerbitzuak antolatzen duen ‘Bilboko hilerria’ aire zabaleko pintura azkarreko lehiaketaren lehen edizioa ospatuko da. Egitasmo horren bidez Bilboko Hilerriaren kultura eta ondare arkitektoniko eta artistikoa sustatu nahi dira.
Lehiaketa goizeko bederatzietan hasiko da eta parte-hartzaileek bost ordu izango dituzten beren margolanak amaitzeko. Lehiaketan parte hartzeko lehenik eta behin izena eman beharko da Bilbao Zerbitzuak duen webgunean. Bertan lehiaketaren oinarriak ere aurki daitezke.
Eguraldia egokia izango ez balitz eta aire zabalean lan egiteko zailtasunak izango balira, parte-hartzaileek Hilerriko Klaustroaren galerian egingo dute lan.
Pintura lehiaketaz aparte, egun berean, Bizkaiko Elkarte Artistikoak pinturari buruzko eskola magistrala emango du interesa duen publiko guztiarentzat. Saio horretan hilerriko panteoietako estatuak marraztuko dira, arkatzez edo ikazkinez, esku hutsez.
Gainera, eguerdian, Bizkaiko Elkarte Artistikoaren hiru rapsodak poesia errezitaldia eskainiko dute Kaperan. Irakurketarekin batera, Zuriñe De Diego (biolina) eta Miren De Diego (biola) artistek hainbat musika-pieza joko dituzte.