BilbaoEszenak, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak, ‘Artistak Egoitzan’ deialdiaren edizio berri bat jarri du martxan. Aurtengoa XIV. edizioa izango da eta bertan parte hartu nahi duten euskal artista eta konpainiek apirilaren 4ra arte izango dute beren proposamenak aurkezteko aukera.
‘Artistak Egoitzan’ programaren xede nagusia da eremu eszenikoetan sormen- edo ikerketa-prozesu bat garatu nahi duten banakako arte-erakundeei zein artistei laguntza eskaintzea. Bereziki aintzat hartzen ditu eszena berriekin lotura handiena duten horiek, berariazko interesa eta jakintza-alor anitzekoak direnak eta ardatz nagusitzat antzerkia eta/edo dantza dutenak.
Sei proiektu
BilbaoEszenak sormena, ikerketa eta proposamen eszenikoen zabalkundea helburu duten sei proiektu artistiko aukeratuko ditu. Egitasmo horiek baliabide ekonomikoak eta teknikoak, formakuntza eta laguntza jasoko dituzte. Deialdia Euskal Herriko artista eta konpainientzat soilik dago zabalik, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak. Bi laguntza mota izango dira. Alde batetik, hastapenetan diren egitasmoentzako laguntza ildo bat izango da. Kasu horretan, 2.000 euro jasoko dituzte. Bigarren lerroa, garapen fasean diren egitasmoei zuzenduta dago eta, kasu horretan, laguntzak 4.000 eurokoak izango dira.
Aurkeztu eta hautatutako proiektuen arabera, gehienez ere 25 eguneko iraupena izango duten egoitzak garatuko dira hiriko eremu eszenikoetan. Printzipioz, egoitzak, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian egingo lirateke.
Gainera, hautatuak diren artistek eta konpainiek beren sormen-lanak aurkezteko aukera izango dute ikusleen eta sektoreko profesionalen aurrean Bilbao Antzerki Dantza (BAD) jaialdian. Horrez gain, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailaren beste programa batzuen barruan ere beren lanak aurkezteko aukera izango dute.