‘Bilborock, Rocka baino askoz gehiago’ dokumentala

Rock musika ardatz duen aretoaren inguruko dokumentalak azken 25 urteetako ibilbide kulturala eta soziala errepasatzen du

Bilborock Aretoak azken 25 urteetako ibilbidea laburtzen duen ‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’ izenburuko dokumentala estreinatuko du. Dokumentala Filmin plataforman ikusi ahal izango da uztailaren 12tik aurrera. Bilboko Udalaren laguntzarekin Media Attackek ekoiztutako dokumental honek Bilboko azken 25 urteetako kultur eta gizarte panoramaren analisia aurkezten du, eta kulturak hiria nola eraldatu duen eta hiriak kultura nola aldatu duen nabarmentzen du.

‘Bilborock, rocka baino askoz gehiago’ dokumentalak Bilborock udal ekipamenduaren garrantzia azpimarratu nahi du, bereziki gazteei zuzendutako kultur eta musika eskaintza anitza sustatzeko. Alvaro Fierro eta Diego Urruchi profesional eskarmentudunek zuzendu dute filma, eta Paula Bañuelos izan da ekoizpen exekutiboaren arduraduna. Argazkigintza eta edizioa Maria Zabalak eta Gorka Agirregabiriak egin dute.

Dokumentalak artxiboko irudiak, testigantzak eta eztabaidak ditu, Bilborock aretoarekin lotura duten hainbat pertsonarenak. Parte hartzaileen artean, Josu Ortuondo, Frenillo Frakturado, Lova Lois, Juanma Cembellin, Deu Txakartegi, Afrika Bibang, Nenita Danger, José Caecero, Marilú Albizu eta Alaitz Arenaza daude, zeinek espazio publiko honek kulturaren eta musikaren esparruan duen garrantziari buruzko ikuspegiak ematen dituzten.