Aurreko urteetan bezala, Bilboko Udalak, aurten ere, euskara-ikastaroak eskainiko ditu Biribilko programaren barruan, hiriko merkatarien artean euskararen erabilera sustatzeko. Merkatariek bi aukera izango dituzte. Alde batetik, euskara komertzialeko oinarrizko ikastaro bat eskaintzen da. Ikastaro hori euskara-maila baxuagoa duten merkatarientzat da eta helburua da ahozko oinarrizko komunikazioa lantzea eta merkataritzan ohikoak diren egoeretan hizkuntza-arloko irizpideak ematea. Bestalde, euskara-maila altuagoa duten merkatarientzat euskara komertziala hobetzeko ikastaroa eskaintzen da. Kasu horretan, helburua da merkataritzaren arloan erabiltzen den euskara –ahozkoa zein idatzia- hobetzea.
Bilbon bakarrik 97.000 herritar euskaldun bizi dira (biztanleriaren % 29) eta 250.000 baino gehiago Bilbo Handia osorik kontuan hartuz gero. Ia euskaldunak erantsiz gero (zer edo zer ulertu bai, baina ongi hitz egiten ez dutenak), kopuru hori 425.000 pertsonakoa da Bilboko metropoli-eremuan.
Kasu bietan ikastaroek 90 orduko iraupena dute: astean egun bi, 2020ko urritik 2021eko ekainera, 08:00etatik 09:30era edo 14:15etik 15:45era. Biribilko programako ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren dirulaguntza dute eta 90 euroko kostua dute. Izena emateko epea urriaren 9an amaituko da. Merkatariek honako euskaltegietan ikasteko aukera dute: AEK (Indautxu, Lizardi, Matxintxu eta Santutxu), Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala eta Ulibarri Euskaltegia.