Birpentsatu zein den gure lekua munduan

Istorio bat, albiste bat, esperientzia bat… idaztean edo kontatzean narratiba bat eraikitzen dugu. Narratibak, adierazpide bat denez, eragina du pentsatzen dugun moduan eta errealitatea eraikitzeko moduan. Geure burua adierazten dugunean, gure nortasunaren, portaeraren, bizitzaren zati bat erakusten dugu.

Duela gutxi, Europako komunikabideek zabaldu zutenez, “planetaren egonkortasuna mantentzeko erabakigarriak diren 9 mugetatik 4 gainditu dira”. Parametro horiek Stockholmeko Erresilientzia Zentroko zientzialari talde batek identifikatu zituen 2009an, eta ordurako ohartarazi zuten 9etatik bakarra gainditzeak sistema osoan ingurumen aldaketa atzeraezinak sortzea ekarriko lukeela, eta gure gizartearen kolapsoa eragingo lukeela. Adierazle horien eguneratzeak, bilakaera bizkorra eta arriskutsua erakusten du, eta, horrez gain, agerian uzten du giza jarduera, zehazki ipar globaleko gizarteena, planetaren aldaketen erantzulea dela eta Lurraren oreka naturala eta erresilientzia-gaitasuna hausteko arriskua areagotzen duela.

Deigarria da, baina, hala ere, ez du lortu iparraldeko gizarte globalen pentsamenduan nagusi den narratiba garaitzea: sistema kapitalistarena. Naturaren gainetik gizakiak duen nagusitasuna defendatzen duten harreman hierarkiko eta desorekatuak eraiki izana du ezaugarri.

Ingurumena

Logika horren aurrean, Aitziber Sarobe ekologista zarauztarrak adierazi du “ingurumena” hitz berria dela gure kulturan: “hitz hori industrializazioaren ondorioz gure inguruan sortu ditugun inpaktuekin lotzen dut: kutsadura, lurzoruen higadura, biodibertsitatearen galera…”, eta salatu du “gaur egun, naturaren aurka egiten diren gehiegikeria handienak ere zuritu egiten direla aterki arriskutsu baten azpian: kapitalismo berdearen garai hauetan, dena da ingurumenari dagokionez justifikagarria”.

Ildo beretik, Lucía Ixchiúk, Quiché indigenak, dio ez dela sentitzen ingurumenaren gaineko mendebaldeko narratibarekin ordezkatua: “Ez da nagusitasunaz ari. Naturaz hitz egitea da kontua, eta geure burua osotasun baten zati gisa aitortzea”. Izan ere, “Quiché” hitzak “zuhaitz asko” esan nahi du, eta gure kosmogoniatik arbasotzat hartzen ditugu. Inoiz ez dugu ingurumen hitza bere horretan erabili”. Bestalde, Yalenis Medina, emakume afronekazaria, Guajirako (Kolonbia) lurraldearen defendatzailea, ama naturaz ari da, hau azalduz: “ez dugu lurra akabatu, ustiatu edo baliabideak atera behar zaizkion objektu gisa ikusten. Ama bat bezala ikusten dugu, eta zaindu egin behar da. Elikatzen gaituen ama bat, izakia ematen diguna, dena eman diguna eta ematen jarraitzen diguna”.

Etxe komuna

Aitziberrek aipatzen zuen ingurumenaren definizioaren aurrean, aitortu du nahiago duela “natura” edo “izadia” erabili, bizitza delako. “Jaio garen lurrari lotzen gaituen eta modu naturalean bizi dugun bizitzari zentzua ematen dion guztia, ingurune konplexu eta zoragarri batean garatzen den bizitzaren sentsazio eta estimuluetatik aldentzen gaituzten teknologia eta artifizioetatik aldentzen garenean”.

Logika horrekin, Keyla Canalesek, ERIC-RPko abokatu gisa Hondurasko komunitate indigenei laguntzen dienak, ingurumenari buruz duen ikuskerari buruz galdetu diotenean, etxe komunaz hitz egiten du, eta aitortzen du “gizateria osoa etxe honetako biztanleak garela eta, beraz, gure erantzukizuna dela babestea, bertan bizitzeko pribilegioa izan baitugu”. Geure burua birpentsatu behar dugu, eta gizakiok erdigunea garela dioen diskurtsoa errefuxatu. Osotasun baten parte gara”.

Azkenik, artikulu honetan jasotako ahots, lurralde eta narratiben aniztasuna errespetatuz, lerro hauek amaitzeko, hausnarketa eta eraldaketa sustatuko duen galdera bat planteatzen dut: zer narratiba irudikatzen dit? Eta, beraz, nola lagundu nahi diot errealitatea eraikitzeari?

SARA DIEGO
GKE Alboan