Bizikletaren erabilerak gora egiten jarraitzen du Gipuzkoan. Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, pasa den urtean txirrindularien ia bi milioi bidaia eta oinezkoen sei milioi bidaia erregistratu ziren Bizikleta Bideen Foru Sarean. Iazkoak, inoiz erregistratu diren daturik onenak dira.
Pasa den urteko datuek bat egiten dute 2018an hasitako joerarekin. Urte horrez geroztik, foru sarea erabiltzen duten txirrindularien kopuruak gora egin du etengabe oso erritmo altuan. 2020. urtean, adibidez, hazkundea % 31koa izan zen. Zenbait bidegorritan hazkundeak % 40tik gorakoak izan dira: Eskoriatza – Leintz Gatzaga (% 52); Azpeitia – Lasao eta Zizurkil – Asteasu (% 43), eta Soraluze – Bergara (% 40).
Ia 8 milioi bidaia
Oinezkoek eta txirrindulariek egin dituzten bidaiak batuta, pasa den urtean 7,9 milioi joan-etorri erregistratu ziren. Horrek esan nahi du, batez beste, 21.700 bidaia egin zirela egunero, Lurraldebusek 2019an garraiatu zituen bidaiari guztien % 31,4.
Baina bizikletaren erabilera ez da soilik Gipuzkoan hazi; Europa osoan ematen ari den fenomenoa da. Hala ere, azpimarratzekoa da Gipuzkoako Foru Sarean izan den hazkundea Europan (% 8) izan dena baino lau aldiz handiagoa dela.
Bizikletaren erabileraren hazkundeak, antza, lotura zuzena du pandemiak mugikortasunean eragin dituen aldaketekin. Horrela, gero eta gehiago omen dira joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea nahiago duten pertsonak. Eguraldiak ere horretan lagundu du: 2020an metatutako plubiometria 2019koa baino % 7 txikiagoa izan zen.
Gaur egun, Gipuzkoako bidegorrien sareak 399 kilometro ditu eta hainbat ibilbide seguru eskaintzen ditu.
Gipuzkoako Bizikletaren Behatokiak urtero egiten dituen inkesten arabera, bidegorrien foru sarea erabiltzen duten emakumeen % 25ek eta gizonen % 15ek ez zuten bizikleta erabiltzen bizikleta-bide horietakoren bat erabili aurretik. Ildo berean, azpimarratzekoa da, arinki bada ere, foru sarea erabiltzen duten emakumeen ehunekoak gora egin duela; 2019an % 21ekoa izan zen.