EIT Urban Mobility-k kudeatzen duen‘Rapid Applications for Transport’ (RAPTOR) izeneko programa hiri-mugikortasunaren erronkei aurre egitea helburu duen nazioarteko ekimena da. Gasteiz da, Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren bidez, programa horretan parte hartzen duen hamahiru hirietako bat eta Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuaren babesarekin, irtenbide berritzaileak bilatzen ditu hiri-mugikortasunaren eremuko arazo konplexuetarako.
RAPTOR
Aurtengo deialdian programak hiri-mugikortasunaren inguruko erronka bat jarri die programan parte hartzen duten hamahiru hiriei, hura konpontzen lagunduko duten irtenbide berritzaileak identifikatu eta ezartzeko helburuarekin.
‘RAPTOR’ lehiaketaren barruan Gasteizentzat planteatutako erronka espezifikoa bizikleten lapurretari trazabilitate aurreratuko irtenbideen bidez aurre egitea da, VGBiziz izenarekin ezagutzen den hiriko bizikletentzako aparkaleku seguruen sarearekin lankidetzan. Gasteiz hiriak teknologia berritzaileak eta kostu txikikoak garatu nahi ditu, erregistratutako bizikleten trazabilitatea hobetzeko, segurtasuna handitzeko eta aparkalekuen azpiegituraren erabilera optimizatzeko. Bizikleten lapurreta murrizteaz gain, irtenbide horiek hirian bizikleta garraiobide gisa erabiltzea bultzatuko dutela espero da.
Erronkan parte hartu nahi duten startup-ak eta ETEek maiatzaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Aukeratutako ekimenak, gehienez, 40.000 euroko finantzaketa jasoko du Europar Batasunetik, bost hilabetez proiektu pilotu bat gauzatzeko, 2024ko abuztutik aurrera. Gainera, EIT Urban Mobilityko taldearen eta udal talde teknikoaren aholkularitza espezializatua izango dute.
Gasteizen 119.000 bizikleta inguru daude, eta biztanleen % 20k garraiobide hori erabili ohi du. Horrez gain, Udalak bizikleten udal-erregistro bat ezarri du, gaur egun 14.000 bizikleta baino gehiago dituena. Hiriak 15.000 bizikleta-ainguraketa baino gehiago ditu kaleetan, eta 900 aparkaleku segurutik gora, VGBiziz sareko 14 kokapenetan banatuta.