DEMAk, Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, ANEZKA – Enplegu eta ekintzailetzako anezken programaren edizio berri batean parte hartzeko aurretiko izen-ematerako epea ireki du. Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek irailaren 30era arte eman dezakete izena DEMAren webgunean.
Programa urriaren 16an hasi eta 2025eko otsailaren 7an amaituko da, eta parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzera zuzenduta dago, dela besteren konturako enplegua aurkitzeko, dela ekintzaile izateko. Parte-hartzaileak urriaren 10a baino lehen hautatuko dira, eta anezka bakoitzak gehienez 20 pertsona izango ditu. Saioak 15 astez emango dira, aurrez aurre zein online, taldeko eta banakako ikuspegiarekin.
Etengabeko laguntza
ANEZKA programak taldekako saio pertsonalizatuak egiten ditu, jarduerak dinamizatuko dituen eta etengabeko laguntza eskainiko duen teknikari espezialista baten laguntzarekin. Parte hartzea borondatezkoa eta doakoa den arren, konpromiso handia eskatzen du bertaratze eta parte-hartzeari dagokienez. Ekimena garatzen den bitartean enplegua lortzen duten horiek arazorik gabe utzi ahal izango dituzte saioak.
Programak hainbat gairi buruzko talde-saioak biltzen ditu, hala nola autoezagutza, marka pertsonala, helburu profesionalak, lan-merkatuaren funtzionamendua, enplegua bilatzeko baliabideak, curriculumak egitea, elkarrizketak, komunikazio eraginkorra eta tresna digitalak.
Bestalde, banakako saioetan, enplegua bilatzearekin eta networking-eko foro eta ekitaldietan parte hartzearekin harremana duten ekintzailetzari buruzko tailerrak egiten dira hainbat arlotako adituekin. Tailer horiek, bereziki, negozio ideiaren bat duten horiei zuzentzen zaizkie.
2015ean hasi zenetik, Anezka programak 63 anezka garatu ditu Bizkaian, eta 1.068 parte-hartzaileri egin die mesede. Horietatik, 668k lana aurkitu dute ekimenari esker, hau da, % 62,55eko arrakasta izan dute, eta kopuru horrek gora egitea espero da, parte-hartzaile berrienek enplegu-bilaketa aktiboarekin jarraitu ahala.