Bizumek 20 milioi erabiltzaile aktibo izan zituen iaz

Pasa den urtean, 505 milioi eragiketa baino gehiago egin ziren Bizum bidez, hots, batez beste, segundoro 16 operazio baino gehiago.

Bizum bat egitea, lagunarteko adierazpena izateaz gain, kopuru txikiak ordaintzeko gero eta hedatuagoa dagoen ohitura da. Bere erabilera erraza eta erosoari esker, ordainketetarako plataforma horrek bere marka guztiak hautsi zituen iaz ia 20 milioi erabiltzaile aktiborekin. Pasa den urtean, Bizum bidez partikularren arteko ordainketen bidez 26.000 milioi euro baino gehiago mugitu ziren. Saltokietan  5,3 milioi transakzio baino gehiago eman ziren. Pasa den urtean, 505 milioi eragiketa baino gehiago egin ziren Bizum bidez, hots, batez beste, segundoro 16 operazio baino gehiago.

Bizumen arrakasta, aditu askoren ustetan, bere sinpletasunean datza. Aplikazioak kontu korronte zenbaki bat telefono mugikor baten zenbakira lotzen du. Telefono zenbakiak gogoratzea kontu korronte baten IBAN zenbakia baino askoz errazagoa da. Gainera, gaur egun, ia finantza-erakunde guztiek eskaintzen dute zerbitzu hori eta transferentziak egiten direnean ez da inolako komisiorik ordaintzen.

Segurtasuna

Aski ezaguna bada ere, ez dago berezko Bizum aplikaziorik. Finantza-erakunde bakoitzak bere aplikazioetan barneratzen dute zerbitzu hori. Horri esker, Bizum bidez egiten diren ordainketek oso segurtasun-maila altua dute, bertara sartzeko norberaren banku-aplikaziora sartzeko beharrezkoak diren egiaztatze-prozesu guztiak jarraitu behar direlako. Horrez gain, ordainketa bakoitzeko erabiltzailearen telefonora SMS bidez iritsiko den erabilera bakarreko OTP gakoa ere sartu behar da (One-Time Password).

Bizumen bidezko eragiketek gutxienez 0,50 euro eta gehienez 1.000 euro izan behar dituzte, baina erakundeek ezarritakoak baino muga txikiagoak ezar ditzakete. Erabiltzaile bakoitzak nahi adina ordainketa egin ahal ditu plataformaren bidez, baina gehienez 60 ordainketa jaso ahal ditu hilean. Gainera, egunean jaso daitekeen diru kopurua ere mugatuta dago: 2.000 euro. 30 lagunera arteko bidalketa anitzak ere egin daitezke.

Kontuan hartu behar da erabiltzaile bakoitzak finantza-entitate bakar batekin erabili ahal izango duela zerbitzua. izan ere, telefono zenbaki bakoitza bakarrik kontu korronte bakar batera estekatu daiteke. Erabiltzaile batek bi telefono zenbaki izango balitu, orduan bai, posible izango luke entitate ezberdinekin lan egitea. Aukera dago kontu korronte bakarra bi telefono zenbakitara estekatzea, adibidez, kontua partekatzen denean beste pertsona batekin.

Partikularren arteko ordainketez gain, Bizum-ek aukera ematen du kide diren online dendetan erosteko, QR kode baten bidez dendetan bertan ordaintzeko edo Bizum-en ordainketa aktibatua duten GKEei dohaintzak egiteko. Adibidez, azken horren kasuan martxoaren hasieran, Ukrainako gerraren biktimei laguntzen dieten GKEen dohaintzak % 75 handitu ziren.

Plataformak Bizum ez duen lagun bati ere dirua bidaltzea ahalbidetzen du. Kasu horretan, Bizum ez duen pertsona horrek SMS bat jasoko du aplikazioa deskargatzeko gonbidapen batekin. Transferentzia egin gabe geratuko da eta hartzaileak bi eguneko epea izango du aplikazioa instalatzeko eta dirua jasotzeko. Ez badu aplikazioa jaisten transferentzia egin gabe geratuko da eta igorleak dirua jasoko du bueltan.

Berehalakotasunaren desabantaila

Sistema honen berehalakotasuna abantaila bat da, baina, aldi berean, desabantaila ere izan daiteke. Izan ere, dirua bidali nahi diogun pertsona hori gure telefonoan aukeratzen dugunean akats bat egiten badugu zaila izan daiteke atzera egitea. Eta ezagutzera eman denez, hori uste baino gehiagotan egiten den akatsa da.

Bizumekin ordainketa bat egiten dugunean, Espainiako Bankuak, denborarekin egitea gomendatzen du. Komeni da dirua bidali aurretik zein telefonora eta/edo kontu korrontera bidaltzen ari garen egiaztatzea. Behin bidalketa eginda, ezin da atzera bota eta dirua berreskuratzeko aukera bakarra dirua jaso duen pertsona horri dirua bueltan bidaltzeko eskatzea da.

Zerbitzuaren ezaugarriak direla eta, egiten diren transferentziak behin betikoak eta atzeraezinak dira. Gure finantza-erakundeak ere dirua bueltan lortzen lagun gaitzake.

Ogasunari aitortu behar al zaizkio Bizumeko mugimenduak?

Bizum bidez egiten diren transferentzia guztiak kontrolatuta daude. Plataforma horren bidez egiten diren mugimenduak Ogasunera iristen dira gure finantza-erakundearen bidez. Hau da, zalantza baten aurrean, Ogasunak gure finantza-erakundearekin kontaktatuko du eta bankuak informazioa emango dio. Hortaz, ez dugu mugimendu horiek aitortzeko ezer berezirik egin behar. Edozein kasutan ere, zenbait banku-eragiketatan dirua aitortu beharko da, ohiko transferentzia baten kasuan egingo genukeen moduan. Adibidez, Bizum bidez diru kopuru esanguratsu bat jasotzen badugu eta mugimendu hori gure errenta aitorpenean azaltzen ez bada, arazoak izan daitezke

Bizum erabiltzen duten negozioak

Negozio bat badugu eta Bizum erabili nahi badugu dirua kobratzeko, kopuru horiek guztiak  salmenta edo zerbitzu gisa aitortu beharko ditugu. Sistema hori guztiz onartuta dago eta, horregatik, ezarritako behar guztiak bete behar dira.

Negozio batean Bizum bidez egiten diren eragiketa guztiak kreditu-txartel batekin diren horiek bezala tratatu behar dira. Gomendagarriena da sarrerak negozioak berak duen kontu batean sartzea eta gure finantza pertsonalekin ez nahastea. Hori da, hain zuzen ere ekintzaile askok egiten duten akats bat.

Bizumen etorkizuneko aplikazioa

Bizum bere aplikazio propioa garatzen ari da. Aplikazio hori modu independentean funtzionatuko du eta gastuak planifikatzeko eta kudeatzeko balio ahal izango du.

Aplikazio horretan ordainketak egiteko edo gastuak partekatzeko taldeak sortu ahal izango dira. Aplikazio honekin ez da beharrezkoa izango gure finantza-erakundearen aplikazioa sartu behar izatea. Momentuz ez da ezagutzera eman aplikazio berria noiz izango den martxan.