Bilboko Areatzak ‘Bilbao Blues Festival’ jaialdiaren lehen edizioa hartuko du uztailaren amaieran. Jaialdiak Bob Stroger abeslari eta baxu-jotzailearen ibilbidea aintzatetsiko du. Stroger bera jaialdian izango da blues musikako beste hainbat mitorekin batera, hala nola, Kim Johnson, Mike Avery, Kenny Smith, Billy Flynn, Piano Willie eta Joey Saye.
Jaialdia uztailaren 29tik 31ra bitartean ospatuko da eta doako 20 kontzertu eta jarduera programatu dira. Horietatik guztietatik Chicagoko All Starsek emango duen kontzertua azpimarratu dute antolatzaileek. Bertan hiri horretako hainbat mito elkartuko dira talde iragankor bat sortuz.
Haurrak eta emakumeak
Lehen edizio hau aire zabalean egingo da oso-osorik, eta haurrentzako kontzertu pedagogikoak ere antolatu ditu. Emakumeari eta bluesari buruzko hitzaldi bat ere izango da.
Jaialdiaren eszenatoki nagusia Areatzan izango da, baina hiriko txoko guztietara zabalduko da, New Orleans izango balitz bezala, ‘dixie band’ delakoen kalejirei esker.
Bilbao Blues Festival jaialdiak helburu bikoitza du. Alde batetik, musika genero horren jarraitzaileei normalean Europara etortzen ez diren artisten emanaldiez gozatzeko aukera eman. Bestalde, blues generoa ezagutzen ez duten horiei rock, pop edo soul musika-generoen oinarri den genero horren berri ematea.
Bob Stroger
Bob Stroger (Haity, Missouri,1929) Blues generoaren mito bat da. Abeslari eta baxu-jotzaileak Bilbao Blues Festival Sariaren txapela jasoko du. Bere ibilbide luzean Stroger hainbat taldetako kide izan da, hala nola, Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins…
Pasa den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadan, American Folk Blues Festivaleko biretan erritmo-sekzioa osatu zuen Oddie Paynekin batera eta Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogers bezalako artistekin izan zen. 90eko hamarkadan, berriz, bere banda zuzentzera pasatu zen eta mundu osoan zehar kontzertuak eman zituen.