Datozen Udal eta Foru Hauteskundeetan bozkatu ezingo duten hamazortzi urtetik beherako haur eta nerabeak euskal gizartearen % 16,5 dira. Baina, euren interesak eta beharrak ordezkatzen dituen ahotsik badago? Zer iritzi dute hautagai eta tokiko politiken inguruan?
Adingabeek ezin dute botoa eman; hala ere, eskubidea dute euren iritziak helarazi eta, gobernu eta instituzioen aldetik euren behar eta arduren gaineko erantzuna jasotzeko. Eskubide horiek bermatzeko lan egiten du UNICEFek politikari eta gizarte-eragileekin, eta oso positiboa da erabakiak hartzeko prozesuetan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko ematen ari diren aurrerapausoak. Horien adierazle dira Euskadiko hainbat udalerritan sortu diren parte-hartzeko ekimenak; besteak beste, Bilbo, Gasteiz, Irun, Pasaia, Ermua, Zalla, Ortuella eta Berango Haurren Hiri Lagunetan, eta, baita, Eusko Jaurlaritzako HaurrEKIN sarean parte hartzen duten udaletan ere.
Ekimen horiei esker, udaleko erabakietan euren parte-hartzeko eskubidea babesteaz gain, herriko garapena haurren eta nerabeen eskubideen ikuspegitik sustatzen dute. Halaber, haur eta nerabe bakoitzaren orotariko garapena bermatzen du prozesuak, haurrak gizartearen erdigunean jarriz.
Horrela, Euskadiko haur eta nerabeen erronka garrantzitsuenak identifika daitezke, betiere, oinarrizko bi ardatzen gainean: alde batetik, Haurren Eskubideen Konbentzioa; eta, bestetik, 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak. Erronka nabarmenen artean, haurren pobrezia, osasun mentala, teknologia berriak eta haur eta nerabeen babesa daude; dudarik gabe, euskal alderdien agenda politikoetan landu beharreko erronka garrantzitsuak dira.
Haurren pobrezia
Euskal Autonomia Erkidegoan, haur eta nerabeen % 28 (101.420 ume) pobrezia eta gizarte-bazterkeria sufritzeko arriskuan dago (EINaren 2021eko Bizi Baldintzen Inkestaren arabera eta atalase autonomikoari dagokionez). Haurrak adierazle ekonomikoetan atzean gelditzen ari dira, eta beste alor batzuetan ere, atzean gelditzeko arriskuan daude: besteak beste, osasunean eta hezkuntzan. Haurtzaroan jasandako desberdintasunek bizitza osoan eta haurren garapenean eragin zuzena izan dezakete, eta aldi berean, gizarte osoaren ongizatean.
Osasun mentala
Estatuan dauden datuek erakusten dute gora egin duela osasun mentalen kontsultetan (psikiatria eta psikologia klinikoa) eta esku-hartze psikologiko eta sozialetako kontsultetan artatutako haur eta nerabeen kasuen kopuruak. Egoera honek erronka garrantzitsuak sortzen ditu osasun-arloan eta, aldi berean, Euskadiko haurren osasun mentalaren sistema behin betiko sendotzeko aukera izan daiteke: prebentzioa, detekzio goiztiarra, promozioa eta harrera zerbitzuak sendotuz, ikuspegi multisektorial, komunitario eta psikosozialetik.
Haurren eskubideak alor digitalean
Internetek eta sare sozialek abantaila eta aukera handiak eskaintzen dituzte, baina arriskuak ere bai; horien artean, ziberjazarpena, sextinga eta sextortsioa. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru nerabetik batek sare sozialen eta Interneten erabilera problematikoa egiten du; eta bostetik batek bideo-jokoekiko adikzioa izan dezake. Halaber, Teknologiaren eragina nerabeengan: harremanak, arriskuak eta aukerak UNICEFek egindako ikerketaren arabera, nerabeen % 40k, noizean behin, eduki erotiko-sexualeko mezuak jaso dituela onartzen du. Era berean, hiru gaztetxoetatik batek ziberjazarpena sufritzeko arriskuan dagoela ohartarazi du ikerketak.
Haurren eta nerabeen babesa
2021ean onartu zen Haur eta Nerabeak Indarkeriaren aurka babesteko Lege Organikoa (LOPIVI), mota guztietako indarkeriaren aurrean prebentzio eta babeserako neurri eta politika publikoak sustatzeko araudia. Euskadin politika horiek aurrera eramateko erronka dugu aurretik, batez ere, udaletan eta herrietan, eta prebentzioaren ikuspuntutik.
Azken batean, haurren garapenarekin batera guztiok goaz aurrera. Era berean, ez dago zalantzarik haur behartsuengan inbertitzea aukera ekonomiko adimenduna dela eta herritar guztiei onurak ekartzen dizkiela: garapen ekonomiko eta soziala sustatzen du, produktibitatea, eta hazkunde ekonomikoa eta gizarte-kohesioaren mailak handitzen ditu. Zentzu horretan, udal eta herrietan hasten dira lehen urratsak guztiontzako bidezkoagoa den gizarte baten konkistan aurrera egiteko, inor atzean utzi gabe. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da hauteskunde hauetan bozkatu ezin duten haur eta nerabeen alde gure botoa ematea.