Bueltan da San Ferminetarako kartela aukeratzeko lehiaketa

Lanak aurkezteko epea datorren apirilaren 1ean amaituko da. Aurten lanak bakarrik telematikoki aurkeztu ahal izango dira.

Bi urteko etenaldiaren ostean, Iruñeko Udalak hiriko festak irudikatuko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu. Saria azken ediziokoa baino nabarmen handiagoa da, 2019an irabazleak 3.600 euro jaso baitzituen. Lanak aurkezteko epea datorren apirilaren 1ean amaituko da.

Pandemiak hala behartuta, bi urteko etenaldia izan da San Ferminetan eta, ondorioz, baita San Ferminetako kartel lehiaketan ere. Aurreko urteetan bezala irabazlea aukeratzeko prozedura mistoa izango da. Lehenik eta behin, epaimahai tekniko batek lehen aukeraketa bat egingo du eta epaimahai horrek aukeratutako lanen artean irabazlea aukeratzeko herri-bozketa egingo da.

Aurtengo ediziorako Udalak zenbait berrikuntza prestatu ditu. Horrela, aurreko edizioetan ez bezala, aurten finalisten kopurua handiagoa izango da; epaimahaiak 10 lan aukeratuko ditu. Bestalde, lanak aurkezteko prozedura ere aldatu da eta bakarrik telematikoki aurkeztu ahal izango dira.

Hautagaiak

Lehiaketan parte hartu nahi duten horiek beren proposamena bidali beharko dute bere datu pertsonalekin batera horretarako prestatu den inprimakia osatuz. Kartel bakarra onartuko da hautagai bakoitzeko. Bestalde, kartelaren autoretza ezin izango da publikoa egin azken ebazpena ezagutzera eman arte.

Ohi bezala, kartelak jatorrizkoa eta argitaragabea izan beharko du. Kartela egiteko teknika librea izango da. Aurkezten den artxibo digitala behin betikotzat hartuko da. Kartelak formatu bertikala izan beharko du eta honako neurri hauek 700mm x 1000mm. Kartelean derrigorrez azaldu beharko diren elementuak honako hauek dira:

  • Hiriarren armarria (inprimakia den orrialde berean lor daiteke).
  • Honako testu hau: “San Fermín 2022; Pamplona/Iruña; 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra”.