‘2022ko Nafarroako Gazteen Inkestaren’ arabera, zeintzuk lirateke Nafarroako gazteriaren kezka nagusiak?
Egoera ekonomikoak garrantzi berezia hartzen du, bere bizi-proiektua eratzeko orduan duen eraginagatik. Gauzak horrela, langabezia, lan-baldintzak eta prekaritatea dira nafar gazteak gehien kezkatzen dituzten arazoak. Kezken artean sarritan aipatzen den beste kontu bat etxebizitzarako sarbidea da. Hezkuntza, osasuna edo klima-aldaketa bezalako beste kezken inguruan azaltzen den ardura maila baxuagoa da.
Zure ustez, lan-prekaritateak, lan-merkaturako eta etxebizitzarako sarbide berantiarrak eta, ondorioz, emantzipazioan eta bizitza proiektuak gauzatzean izaten den atzerapenak berresten al du gaur egungo gazteek euren gurasoek baino modu deserosoagoan biziko direnaren ideia?
Garbi utzi behar dugu ez gaudela belaunaldi galdu baten aurrean. Belaunaldi honen abiapuntua bere gurasoek izan zutena baino hobea da. Ongizatearen edota bizi-itxaropenaren inguruan aurrerapauso handiak eman dira.Egia da belaunaldi honek izan duen aurreratze-maila txikiagoa dela, baina ez dugu ahaztu behar abiapuntua aurreko belaunaldiarena baino hobea zela. Edozein kasutan, ezin dugu orokortu eta ikuspegi intersekzional bat erabili beharko genuke. Hortaz, gazte aberatsen eta pobreen arteko aldeak aztertu behar dira, gizon eta emakume gazteen artekoak, etorkinen eta bertakoen artekoak… Izan ere, gazteria oso talde heterogeneoa da eta gazte guztiek ez dute zaurgarritasun-maila bera.
Edozein kasutan, batez beste, nafar gazteak pozik azaltzen dira bere egoera pertsonalarekin. 0-10 arteko eskala batean batez besteko puntuazioa 7,8 puntukoa da eta, gainera, gazteen % 80,3k uste du bere egoerak hobera egingo duela. Zure ustez, datu horiek erakusten al dute pandemiaren ostean Nafarroako gazteak askoz ere panorama hobea sumatzen hasiak direla?
Ziurgabetasuna geratzeko etorri da. Gaur egun pairatzen ditugun arazo asko estrukturalak dira eta, horregatik, inkestak jasotzen duen etorkizunarekiko begirada positibo horrek berresten du gazteria dela, baita gaur egun ere, aldaketarako ezinbesteko aldagaia. Gazteek eraldaketarako, egoera berrietara egokitzeko eta gauzak alda daitezkeela pentsatzeko duten berezko gaitasun hori datorkit burura.
Bestalde, inkestak agerian utzi duenez, politikak gero eta interes eskasagoa pizten du gazteen artean. Ia heren batek dio politikak ez diola inolako interesik pizten. Zure ustez datu horrek sistema politikoa huts egiten ari dela adierazten al du? Eta horrela bada, zertan ari da huts egiten?
Inkestaren arabera, politikan interes handia edo nahikoa duten gazteak % 27,6 baino ez dira. Egia da, oro har, gazteek euren errealitatetik kanpo dagoen gai bat dezala ikusten dutela politika.
Gaur egun, digitalizazioak zuzeneko eragina du arlo politikoan eta eraldaketa handiak eragiten ditu prozesu demokratikoan. Milaka ‘troll’ eta ‘bots’ daude etengabe desinformazioa zabaltzen eta hauteskunde-portaeran eragiten saiatuz eta erabaki kontzienteak saihestuz. Fenomeno hori infokrazia izenarekin ezagutzen da. Eta fenomeno horri aurre egiteko gazteei informazio fidagarria eskaini behar zaie eta gain informazioaren fenomenoaren aurrean, espiritu kritikoa garatzen lagundu behar zaie, inguruan duten munduaren inguruan iritzi hobea eraiki dezaten.
Zein dira gazteek gehien baloratzen dituzten erakundeak?
0 eta 10 puntu arteko eskala batean udalak dira puntuaziorik altuena lortzen duten erakundeak: 5,72 puntu. Jarraian, Nafarroako Gobernua aurkituko litzateke (5,57 puntu). Txanponaren beste aldean, berriz, monarkia aurkituko litzateke, 3,37 punturekin puntuaziorik baxuena lortu duen erakundea baita. Nota oso altuak ez diren arren, nire ustez gazteek puntuaziorik altuenak gertuen dituzten erakundeei eman dizkiete. Gazteek zerbitzuak emateko orduan erakunde baliagarrienak eta hurbilenak direla uste dute.
Ikasketa-mailaren, lan-egoeraren edo erosteko ahalmenaren arabera, zein gazte-taldetan dago atsekabe-mailarik handiena?
Adinean gora egin ahala politikarekin harremana duten gaien inguruko interesak gora egiten du. 25-30 urte bitarteko gazteen artean, adibidez, politikarekiko interesa (% 32,2) handiagoa da 18-24 artekoen (% 28,7) edo 14-17 artekoen (% 19,2) artean baino.
“Digitalizazioak zuzeneko eragina du arlo politikoan eta eraldaketa handiak eragiten ditu prozesu demokratikoan. Milaka ‘troll’ eta ‘bots’ daude etengabe desinformazioa zabaltzen eta hauteskunde-portaeran eragiten saiatuz eta erabaki kontzienteak saihestuz”
Mutilek ere (% 33,1) neskek (% 21,9) baino interes handiagoa azaltzen dute politikarekiko. Eta gauza bera esan daiteke soldatapeko gazteen (% 31,4), emantzipatuen (% 35) edo Estatuan jaiotakoen (% 31,7) inguruan. Zentzu horretan, bereziki nabarmentzen dira goi-mailako ikasketak amaitu dituzten horiek (% 39,8) edo goi-mailako ikasketak dituzten gurasoak dituzten horiek (% 39,2).
Zenbait kasutan abstentzioaren bidez eta beste zenbait kasutan guztiz demokratikoak edo populistatzat jo daitezkeen alderdiei botoa emanez islatzen den atsekabe horrek ezagutzen ditugun mendebaldeko demokraziak arriskuan jar al dezakete? Zer egin daiteke nahigabe horri buelta emateko?
Gizarteak erabakiak hartzean duen eraginarekin atsekabe orokorra antzematen dugu, interesik eza sortuz; beraz, politika erabilgarria dela frogatu behar dugu. Azken krisian ez bezala, pandemiari eman zaion erantzuna guztiz kontrakoa izan da. Orduan gazteria alde batera utzi zen eta oraingoan, aldiz, krisiei aurre egiteko beste modu bat badela frogatu da. Inbertsio publikoa nabarmen hazi da eta Frogatu da posible zela gutxieneko soldata igotzea edo behin-behinekotasun mailak arintzea lan erreformaren bidez.
Parte-hartzerako ohiturak ere sustatu behar dira. Garrantzitsua da herritartasun aktiborako hezkuntza, bai hezkuntzaren esparruan, bai eguneroko bizitzan. Gazteak ahalduntzeko modu berri bat, bizi diren eta, aldi berean, eraikitzen duten gizartearen partaide ere senti daitezen.