Duela 40 urte, 1982an, garai bat amaitu eta beste bat hasi zen: Abba musika talde suediarra banandu zen, baina, aldi berean, mugarri bat jarri zuen musikaren historian. Izan ere, talde horren ‘The Visitors’ diskoa izan zen CD formatuan merkaturatu zen lehena. 1982. urteko abuztuaren 17an, Hannover (Alemania) inguruan den Langenhagen herrian den Polygram diskoetxearen fabrikan disko trinkoen (CD-compact disc) ekoizpen masiboa hasi zen eta horrek, musikaren industriarako aro berri baten hasiera ekarri zuen.
Disko trinkoa biltegiratze digitalerako lehen sistema komertziala izan zen eta, oraindik ere, musika merkaturatzeko formatu ‘ofiziala’ da.
CDa Phillipsek eta Sonyk elkarlanean garatutako euskarria izan zen eta hasiera batean, 60 minutuko audioa biltegiratzeko diseinatu zen. Hasierako prototipoak 115mm-ko diametroa zuen, baina azkenean 12 milimetrotara murriztea lortu zuten eta, horrekin batera, biltegiratze gaitasuna 74 minututara igotzea lortu zuten Beethovenen IX. Sinfonia osoa disko bakar batean sartu ahal izateko. Hain zuzen ere, musika klasikoaren esparrutik iritsi ziren euskarri horren lehen defendatzaileak: Herbert von Karajan zuzendariak disko horien kalitatea goraipatu zuen lehenengoetarikoa izan zen.
Formatu berria binilozko diskoak baino txikiagoa zen, oso kalitate ona eskaintzen zuen eta bere aurrekaria baino iraunkorragoa zen, binilozko diskoekin alderatuta CDetan ez baitziren arrastoak geratzen. Ezaugarri horiekin arrakasta bermatuta zegoela zirudien, baina lehen urratsak ez ziren hain positiboak izan erabiltzaile asko biniloekin gustorago baitzeuden.
Hasiera zaila
Dena den, diskoetxeek CDaren aldeko apustu garbia egin zuten eta binilozko diskoak baztertu zituzten. Diskoetxe askok biniloetan grabatutako disko guztiak CD formatura pasatu zituzten.
Kasete zintak baino hobeak eta biniloak baino txikiagoak, CDek aldatu egin zuten musika entzuteko modua, eta musika digitalaren aroari hasiera eman zioten, nahiz eta, oraindik ere, CDaren aroko bitak ingurune fisiko batera mugatuta egon. 1980ko hamarkadaren amaierarako CDak guztiz jendarteratuta zeuden. CDarekin batera iraultza digital eta kultural bat eman zen, musika beste modu batera entzuteko aukera ematen zuelako eta, are gehiago, Sonyk bere lehen Discman-a aurkeztu zuenean (CDak entzuteko gailu eramangarria). Gainera, garai hartako talde garrantzitsuenen lanak bakarrik formatu horretan merkaturatzen hasi ziren, hala nola, Dire Straits taldearen ‘Brother in Arms’ (1985).
1982tik 2007ra bitartean 200 mila milioi disko konpaktu inguru ekoitzi ziren. Une horretan, MP3 eta beste musika-erreproduzitzaile batzuk agertu ziren, baina horien bizitza laburragoa izan da, orain mugikorretan entzuten den streaming bidezko musika nagusi baita.
Bueltan?
CDa izan zen musika-industriaren formatu nagusia 1990eko hamarkadan, eta 2000. urtean 13.200 milioi dolarreko salmentak izan zituen. Antza denez, berriz ere indarra hartuko duen formatua da, besteak beste, Adele, Taylor Swift eta BTS bezalako musikariek horren aldeko apustua egin dutelako. Estatu Batuetan, adibidez, 46 milioi CD baino gehiago saldu dira (ia 600 milioi dolarreko irabaziak). Datu horiek Estatu Batuei buruzkoak badira ere, joerak erakusten du munduko gainerako herrialdeetara estrapola daitezkeela.