Ilustrazio grafikoak eragin nabarmena izan du Donostiako turismo-eremuan eta, hedaduraz, Gipuzkoako lurraldean. San Telmo Museoak ilustrazioen bidez Donostia helmuga turistiko gisa historikoki nola iragarri izan den aztertzen duen “Clima ideal. Udako kartelak” erakusketa eskaintzen du. Erakusketak 300 pieza inguru biltzen ditu, gehienak kartelak, 1880 eta 1960 urteen artean sortuak.
Erakusketa urriaren 15era arte egongo da zabalik eta ospe handiko lanak nahiz hain ezagunak ez diren beste batzuk biltzen ditu, baita ia mende batez argitaratu gabe egon direnak ere. Oro har, identitate turistiko baten eraikuntzari buruzko ikuspegi zehatza eskaintzen duten obrak dira.
Kartel turistikoez gain, udan bisitarien dibertimendu-nahiak asetzeko egiten ziren ekitaldi ugariak iragartzeko egindako beste batzuk ere ikus daitezke: kasinoetako jaiak, automobil- eta zaldi-lasterketak, estropadak, erakusketak, usakume-tiro eta tenis lehiaketak, etab. Bisitariek kartela, bere sedukzio ahalmenagatik, eragin handiko komunikabide gisa ezarri zela ikusteko aukera izango dute. Artearen eta mezuaren arteko sinbiosi bikainak kartel modernoak eta abangoardistak sortzea ahalbidetu zuen, publizitate-tresna gisa eraginkortasunez funtzionatu zutenak. Hainbat diziplinatako 90 artista inguru biltzen dira erakusketa honetan.