COVID-19 pandemia mehatxu globala da eta, beraz, irtenbide globalak behar ditu, inor atzean utziko ez dituztenak. Pandemia hasi zenetik gorabehera handiak izan dira eta argi geratu da txertoak direla irtenbidea krisi honekin ahalik eta arinen amaitzeko.
Gure herrian nahiko ondo doa txertaketa kanpaina eta, nahiz eta arinago joan gintezkeen, gure biztanleriaren kopuru handi batek txertoa dauka jadanik. Baina hori ez da herri guztietan gertatzen, askok txertoak izateko baliabiderik ez dituztelako. Horrek ondorio larriak izan ditzake, izurritea geldiarazteko munduko herri guztiek izan behar baitute bere biztanleria txertatuta. Eta horrek asko kezkatzen gaitu.
Horregatik, UNICEFen lanean ari gara COVID-19aren aurkako txertoen bidezko banaketa solidarioa lortzeko. Helburua diru-sarrera txikiko eta ertain-baxuko 170 herrialdetara iristea da. Txertoen banaketa zuzena eta inklusiboa lortu ezean, susperraldi azkarra eta bidezkoa lortzeko ahalegina murrizteko arriskua dugu.
Horretarako UNICEFen COVAX mekanismoaren esparruan gaude, Txertaketaren aldeko Munduko Aliantzak (GAVI), Epidemiak Prestatzeko Berrikuntzarako Koalizioak (Cepi) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gidatutako lankidetza globala. UNICEFek txertoak eskuratzeko eta banatzeko lider gisa sartzen da aliantza horretan, gehien behar duten herrialdeei dosiak jasotzeko prestatzen laguntzen zaien bitartean.
Munduko txerto hornitzaile handiena
UNICEF esperientzia luzea dauka txertaketa kanpainetan, munduko txerto hornitzaile handiena baita. Urtero 100 herrialdetara 2.000 milioi dosi baino gehiago helarazten ditugu errutinazko immunizaziorako eta txertaketa-kanpainetarako. Horregatik dugu esperientzia eta egitura COVID-19aren aurkako txertoak ere munduko herrialde guztietara, eta, bereziki, baliabide gutxien dituztenetara, helarazteko erronka handia gure gain hartzeko. Hori lortzeko, ekintza paralelo batzuk ere egiten ari gara, txertaketa-prozesua txertoak bezain garrantzitsua baita. Ekonomiaren susperraldia eta COVID-19aren aurkako txertoaren arrakasta txertoak emateko eta banatzeko gaitasunaren araberakoak izango dira, baita gatazka-testuinguru ahuletan ere, elkarrekin lan egin behar baitugu komunitate ahulenetara ere heltzeko. Horregatik honako ekintza hauek ere garatzen ari dira:
- COVID-19aren aurkako txertoen erosketa, nazioarteko garraioa eta banaketa koordinatzen eta babesten ari gara. Ildo horretan, Aireko Garraio Humanitarioaren Ekimena abiarazi dugu. Ekimen horren bidez, 10 aire-konpainia garrantzitsu baino gehiagok akordioak sinatu dituzte gurekin, txertoen, funtsezko sendagaien, ekipo medikoen eta funtsezko beste hornidura batzuen banaketari lehentasuna ematen laguntzeko.
- 1.000 milioi xiringa (baita 10 milioi edukiontzi ere, modu seguruan botatzeko) erosi, biltegiratu eta bidaliko ditugu hemendik 2021aren amaierara arte.
- 70.000 hozkailu erosi eta instalatzen ari gara diru-sarrera txikiko herrialdeetan hotz-katea mantentzeko – bereziki, Afrikako osasun-zentroetan. Horrela, COVID-19aren aurkako txertoak tenperatura egokian biltegiratzen lagunduko dugu. Hozkailu horien ia erdia eguzki-energiaz elikatuko da.
- Prest dauden herrialdeei txertoa emateko laguntzen ari gara. Ildo horretan, hotz- eta hornidura-kateak indartzen laguntzen dugu – txertaketak jasotzeko, biltegiratzeko, banatzeko, kontserbatzeko eta administratzeko azpiegitura egokia izan dezaten –, bai eta immunizazio-zerbitzuak ere; logistikako teknikariak eta osasun-langileak trebatzen ditugu, eta komunitateekin lan egiten dugu informazio okerrari aurre egiteko eta bizitzak salbatzen dituzten txertoak ematen dituzten osasun-sistemekiko konfiantza sustatzeko.
Txertoak erosteko orduan hainbat fabrikatzailerekin egiten dugu lan, OMEk garatzen eta onartzen dituen heinean; beraz, ez dago fabrikatzaile bakar batekin ere esklusibotasunik.
65 milioi txerto
COVAX mekanismoari esker, otsailean, COVID-19ren aurkako lehenengo txertoak eta funtsezko beste hornidura batzuk eraman ziren Ghanara eta Boli Kostara eta, hurrengo asteetan, hainbat herrialdek jaso zituzten txertoak osasun-langileei txertoa jartzen hasteko (Nigeria, Kolonbia, India, Jamaika, Ruanda, Nepal, Pakistan, Afganistan, Maldivak, Sri Lanka etab.). Hortik aurrera beste herri batzuek ere txertoak jaso dituzte, hala nola Brasil, Bolivia edota Paraguayk. Maiatzean 65 milioigarren txertoa eraman genuen, Indiako egoera jasanezina zenean.
Horrez gain, lan politikoa ere egiten ari gara, ahalik eta txerto gehien egon daitezen. Horretarako patenteen liberalizazioa eskatu da txerto gehiago fabrikatu ahal izateko, herri aberatsei soberan dituzten txertoak emateko eskatu diegu eta baita baliabide asko dituzten herrialdeei laguntza ekonomikoa emateko ere, guztion artean bakarrik lortuko baita krisi honekin amaitzea. Indian gertatutakoa honen adibidea da. Herrialde batean birusak gogor jotzen baldin badu, ondoko herrietara ere azkar hedatzen da birusa. Horregatik da hain garrantzitsua herrialde guztiek bere biztanleria ahalik eta azkarren txertatzea eta immunizazio globala lortzea.
Eta lan horrekin jarraituko dugu munduko herri guztiek txertoak izan arte. Hori izango baita pandemiarekin amaitzeko modu bakarra. Guztiok izan behar dugu COVID-19aren aurkako txertoa jasotzeko aukera berdinak, kontuan hartu gabe nor garen, non bizi garen, zein den migrazio-egoera, nazionalitatea, generoa, gizarte-egoera edota jatorri etnikoa. Inor ez delako salbu egongo denok salbu egon arte.