Pandemiaren eraginez bi urte publikorik gabe egon ostean, Dantz Point, musika elektronikoa eta abangoardiakoa eta ondarea uztartzen dituen ekimena, aurrez aurreko formatura itzuliko da. Aurtengo ediziorako aurrez aurre zein digitalki jarraitu ahal izango diren sei emanaldi programatu dira.
Dantz Point jaialdia leku enblematikoetan egiten diren musika elektronikoko saioekin osatzen da. Aurtengo lehen saioa apirilaren 30ean izango da Lasarte-Oriako Brigiden komentuan. Bertan izango dira Paolo Solo eta Furonia eta sarrera doakoa izango da.
Toki enblematikoak
Lasarte-Oriako komentuaz gain, aurtengo edizioak beste hiru egoitzatan ospatuko da: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak eta Donostiako Kursaaleko terrazak. Oraindik konfirmatu gabe daude Irunen eta Hondarribian izango diren saioen guneak.
Horietatik guztietatik gunerik bereziena Arditurriko meategiena da. Aiako Harrien magalean den meategi horrek oso akustika berezia eskaintzen du.
Dantz ekimena 2017. urtean jarri zen abian eta 2019. urtean Dantz Point izatera pasatu zen. Urtebete beranduago Dance Television nazioarteko saria eskuratu zuen. Berriki, ekimenak 200.000 euroko dirulaguntza jaso du europar fondoetatik Dantz Point Europe ekimena garatzeko beste bost herrialdetan. Ekimen berri horren xedea izango da belaunaldi gazteenei Europar Batasuneko ondarea gerturatzea eduki berritzaileen bidez, kasu honetan, musika elektronikoa.