Bueltan da 14 proposamen berrirekin doako aisialdia euskaraz eskaintzen duen Darabilbo programa. Bilboko Udalak, hiriko euskaltegiekin batera antolatzen duen ekimen horren xede nagusia da euskararen erabilera sustatu aisialdian beren euskara maila hobetu nahi duten horien artean edo, besterik gabe, euskaraz ondo pasatu nahi duten horien artean.
Hilabete honetarako programatu diren jardueren artean honako hauek azpimarra daitezke: arropa tailerrak, zeramika tailerrak, tailer gastronomikoak, museo bisita gidatuak, literaturaren inguruko hitzaldiak… Martxoko lehen jarduera 10ean izango da eta azkena, berriz, 31an.
Eskaintzaren barruan, gainera, ‘Koloretako ziaboga’ jarduera ere izango da. Jarduera hori berariaz 4 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzentzen zaie. Aipatu jarduera martxoaren 23an eta 30ean burutuko da, Bidarte Udal Zentroan eta Karmelo Plazan eta egun bakoitzean hiru saio izango dira.
Darabilbon eskainitako doako jardueretan parte-hartzeko aldez aurretik izena eman behar da darabilbo.eus webgunean. Familiei zuzendutako jardueretan izan ezik, parte hartzaileek 16 urtetik gora izan beharko dute.