Dena prest EuskarAbenturaren bosgarren espediziorako

Uztailaren 1etik 31ra bitartean 127 gaztek 400 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute Euskal Herria osoan zehar euskararen alde.

Hilabete eskas falta da EuskarAbenturaren zazpigarren edizioaren hasierarako. Uztailaren 1etik 31ra bitartean, Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urte bitarteko 127 gaztek 400 kilometro inguruko ibilbidea osatuko dute Euskal Herrian zehar. Aurtengo edizioak hiru ardatz izango ditu: euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia.

Pasa den urtean bezala, aurten ere, diasporako kide bat izango da espedizioan. Kasu honetan Perutik etorritako gazte bat izango da. Parte-hartzaile gehienak (% 33,85) bizkaitarrak izango dira, 43 gazte hain zuzen ere. Gipuzkoarrak 28 izango dira (% 22,05); nafarrak, 24 (% 18,90); arabarrak, 13 (% 10,24); lapurtarrak, 10 (% 7,87); behe-nafarrak, 6 (% 4,73) eta zuberotarrak, 2 (% 1,57).

Sexuari dagokionez, berriz, espedizioan parte hartuko duten gazteen % 66,93 emakumeak izango dira (85). Gizon gazteak 41 izango dira (% 32,28) eta ez-binarioak 1 (% 0,79).

Espedizioa osatzen duten 127 gazterekin batera 30 lagunek osatutako lantaldea ere izango da.

Ibilbidea

Aurtengo espedizioa Atharratzen jarriko da martxan. Parte-hartzaileek 400 kilometro inguruko ibilbideari aurre egin beharko diote hurrengo lau asteetan. Hiru udalerri berri gehitu dira espedizioaren etapan amaiera hartuko duten udalerrien zerrendara: Atharratze, Izarra eta Aulesti. Guztira, 27 udalerritan gaua pasatu beharko dute gazteek: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.

Espedizioak Euskal Herritik igarotzen diren Done Jakue bidearen hiru bideak jarraituko ditu, hots, Frantses bidea (Mauletik Iruñera), Barnealdeko bidea (kontrako norabidean Añanatik Baionara), eta Kostaldeko bidea (Baionatik Getxora).

Bestalde, aurtengoa izango da aurreko edizioetan egin izan den ikerketaren azken urtea. Lau urtez, Plazara elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin, gazteen hizkuntza ohiturak eta hizkuntzekiko duten jarrerak aztertu ditu. Aurtengo espedizioa datuak hartzeko azkena izango da eta, ondoren, bildutako datu guztiak aztertu eta ondorioak argitaratuko dira.