Harreman sentimental batean gaudenean, gure bikotekidearekiko desleiala izateak erru moral eta damu bat ekar diezazkiguke. Sentsazio hori areagotu egin daiteke ezkonduta dauden bikotekideen kasuan, kasu horretan, konpromisoa handiagoa dela suposatzen baita. Hala ere, John Hopkins Unibertsitateak desleialtasunaren psikologiari buruz argitaratu duen azterlan baten arabera, horrek ez du zertan horrela izan behar. Aitzitik, ikerketak antzeman du abenturak dituzten pertsona ezkonduek horiek oso gogobetegarriak aurkitzen dituztela, damu gutxi adierazten dutela eta uste dutela engainuak ez diela kalterik egin beren harremanei.
Archives of Sexual Behavior aldizkarian argitaratu den azterlana ezkontzaz kanpoko harremanetan espezializatutako Ashley Madison webgunearen 2.000 erabiltzaileri egindako inkestatan oinarritzen da.
Desleialtasuna
Ikerketaren egile nagusi Dylan Seltermanek azaldu duenez, “tradizionalki ziurtzat jo da ezkontzaz kanpoko harremana duten pertsona ezkonduek, azkenean, erru moral bat erakusten dutela, baina ikerketak erakutsi du hori ez dela guztiz egia”. Izan ere, ikerketan parte hartu duten pertsona desleialek sexu-gogobetetasun eta gogobetetasun emozional handia erakutsi dute. Ostera, damu-sentimenduak baxuak izan dira.
Ikerketaren arabera, desleial diren pertsona ezkonduek, oro har, bikotekidearekiko maitasun-maila altua azaltzen dute, baina sexu-gogobetetasuna oso baxua omen da
Ikerketak agerian utzi duenez, desleialtasuna ohikoagoa omen da adin ertaineko gizonen artean. Gizon horiek bere bikotekidearekiko maitasun-maila altua azaltzen omen dute, baina sexu-betetasuna oso baxua dela adierazten dute. Horrela, parte-hartzaileen erdiek onartu zuten ez zirela sexualki aktiboak bikotekideekin.
Desleial izateko arrazoi nagusia, azterlanaren arabera, sexu-gogobetetasun falta da eta, jarraian, independentzia nahia eta beste pertsonekin harremanak izateko grina.
Seltermanek azaldu duenez, “desleialtasunek ez dute esan nahi, nahitaez, ezkontzan sakoneko arazorik dagoenik”.