Gazteek emantzipaziorako eta etxebizitza bat lortzeko zein estrategia jarraitzen dituzten aztertu duzu zure tesian. Zeintzuk lirateke ikerketa horren ondoriorik azpimarragarrienak?
Hitz gutxitan laburtuta, gaztaroaren luzapen gisa diagnostikatu ohi izan denak helduaroaren prekarizazio prozesu batekin zer ikusi handia duela. XX. mendean zehar normatiboa izan den gizabanako independiente, auto-sostengatu eta zentratuaren —gizonezko, zuri, langile, heterosexuala, jabegodun, etab.— figura soziala kolokan dago. Bere lekuan gero eta figura hibrido eta labainkorragoak sortu dira eta, ondorioz, norbanakoen bizi ibilbide eta estrategiak aztertzerakoan, dependentzia, independentzia edo emantzipazioa bezalako kontzeptuak ez dira hain erabilgarriak. Emantzipazioa ez da jada behin betikoa; prozesu itzulgarria bilakatu da eta dependentzien kudeaketa giltzarri bilakatu da bere ulermenerako.
Estrategia horiek aldatu dira, adibidez, aurreko belaunaldiko gazteek zituzten estrategiekin alderatuta?
Aldatu baino, eguneratzen eta berriro definitzen direla esango nuke. Gurasoenean dauden gazteek autonomia sentimendu minimo batzuk ematen dizkieten hainbat espazio fisiko eta sinbolikoak negoziatzen dituzte —gela propioa, lokala, bidaiak, autoa, furgoneta ekipatua, etab. Zentzu horretan, familia egiturak, nahiz eta ahuldua, baliabideen hornitzaile, babes eremu eta segurtasun mekanismo bezala dirau. Eta ez soilik gurasoen etxean geratzen direnentzat, etxebizitza jabetza bilatzen duten gazteen artean familia, abalaren bitartez, bikotearekin bat nola zorpetzen den ikus daiteke. Orokorrean, estrategia kolektiboak izan ei dira denak, bai bikotearekin erosi edo alokatu, bai familiaren bigarren etxebizitzan bizi, bai pisua edo landa-etxea konpartitu, bai etxebizitza kooperatiban sartu, etab. Ildo horretan, estrategia mota hauek denak dependentzien kudeaketaren galbahetik pasatzen dira nahitaez.
Etxebizitzarena da, gaur egun, gazteriak duen arazorik larriena?
Ez nuke esango arazo larriena denik, baina bai etxebizitzaren dimentsioak egungo gazteria naiz helduen —norbanako garaikidearen— arazo eta erronken konplexutasunaren adierazle dela. Dimentsio horretan, lanaren eskasia eta prekarizazioa, bikote harremanen ezegonkortasuna, gain-zorpetzearen arazoa edo familiarekiko menpekotasuna bezalako tentsioak artikulatzen dira. Arazoa baino, konpondu ezineko dilema edo paradoxa bat antzeman daiteke: oso era zehatzean norbanako autonomo eta independente izatera bultzatzen gaituen egitura mental eta kulturak mantentzen ditugun bitartean, egungo gizarte egiturek eta baldintzek gure dependentziak areagotzen dituzte. Irtenbidea? Beharbada norbanakoon izaera soziala berretsiz gure menpekotasun eta dependentziak onartu eta noski, ildo horretan lan egin. Esaterako, kolektiboak diren gizarte babes mekanismoak sendotuz.
Zer dela eta da hain garrantzitsua etxebizitza propioa izatea/emantzipatzea?
Gizarte mendebaldarrek egun ekoizten duten norbanako motarekin du zerikusia horrek. Beste garai eta lurraldeetan ez bezala, hemen, heldutzat definitua izateko zenbait marka lortu behar ditugu —oinarrizkoenak: lana, bikotea, etxebizitza eta familia eratzea—. Etxebizitza izateak banakotasunarekin eta identitatearekin lotua dagoen heinean lortzen ez duenak akats pertsonal bezala edo defizitdun norbanako bezala definitua izan ei da. Heldu gisa garatzeko ezinbestekoa den aspektu bat da gizarte honetan.
Familia egiturak, nahiz eta ahuldua, baliabideen hornitzaile, babes eremu eta segurtasun mekanismo bezala dirau.
Eta hain garrantzitsua bada, zergatik ez dugu hau ahalbidetu diezaguketen bestelako bideetara jotzen?
Hor gako oso garrantzitsu bat dago. Deigarria da ikustea 1940ko hamarkadan etxebizitzen % 46 alokairura bideratua zegoela egun EAE osatzen duten lurraldeetan. Azken 70 urteetan aurrera eraman diren etxebizitza politika ia gehienak jabegora bideratu dira eta, ildo horri jarraituz, Babes Ofizialeko Politikek jabego eta etxebizitza eskubideak nahastu dituztela esan genezake. Era berean, alderdi politikoen eta demokraziaren arazo bi hor koka ditzakegu: alde batetik, etxebizitza eskubidea jabego erregimenaren bitartez eskaintzea legitimazio politikoaren mekanismo bilakatu da, eta bestetik, bankuak medio, eraikuntza hazkunde ekonomikoaren oinarri izan da. Horren ondorioak soberan ezagunak dira, darabilgunerako: etxebizitza erosteak jabegodun bilakatu beharrean, automatikoki eta urte askotarako zor baten kudeatzaileak bihurtzen ditu norbanakoak. Nahiz eta epe luzera izan, alokairuen prezioak beheratuko lituzkeen politika sendo batzuek ez soilik gazteengan baizik gizarte osoarengan izango lukete eragin positiboak. Europako zenbait herrialde honen adibide dira.
Gazteak ez duten maila ekonomiko batean bizitzera ohitu dira?
Diagnostiko hori gazteek kontrolatzen ez dituzten gizarte prozesuez erantzule egiteaz gain zaharkitua geratu da. Alderantziz esango nuke, prekarizazio prozesu orokor batek markatzen duen testuingurura egokitzen —ahalegintzen— dira. Batzuk euren gurasoen ereduarekiko nostalgikoagoak eta beste batzuk berritzaileagoak izanik, garatzen dituzten estrategia gehienak egokitzapenaren bidetik doaz. Barneratuta duten norbanako eredua garatzeko baliabideak desagertzear daudelarik “orainaldian bizirauteko” edo “bizitzaz gozatzeko” estrategiak besterik ez zaizkie geratzen.
Azkenik, zure tesian gazteriaren lan baldintzen ‘argazkia’ ere agertzen da. Ba al da itxaropentsu izateko arrazoirik?
Itxaropen kontzeptuarekin maiz sartu digute ziria… Aurrez definitutako gizarte talde edo kolektibo bat etorri —jaungoikoa bere garaian, XX. mendean langileria, gizarte mugimenduak, gazteak, etab.— eta gauden lekutik askatu edo salbatuko gaituela iradokitzen du. Lan munduaren inguruan joera orokorra, teknologiak medio, lan eta aisialdi denboren arteko banaketa tradizionala hautsi eta norbanakoa bere buruaren enpresari bilakatzea da. Hau da, ez soilik bere prestakuntza eta gaitasun intelektualen mantentzaile eta kudeatzaile etengabea, baizik eta norbanako lez sustengatzen duten lotura afektibo eta harremanen kudeatzaile-enpresaria. Zentzu horretan ez dut uste ekintzaile, enpresa-sortzaile edo auto-enpleguaren bidetik konponbidea —salbazioa— etorriko denik behin berriro ere norbanakoengan deskargatzen baitira egiturazkoak eta politikoak diren erantzukizun asko. Auto-esplotazioa arriskuak handiak dira hor. Baina, arren, ez dadila era apokaliptikoegian ulertu, hemen gerra zibilak eta krisi industrial latzak egon dira eta edonola bada ere, bai gure aitona-amonak, bai gure gurasoak aurrera atera ziren…