Datorren azaroaren 10era bitartean San Jeronimo kalean den Donostiako Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoak “Dragoi Bola-tik infinitura – Akira Toriyamari omenaldia” izeneko erakusketa hartuko du. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astearen barruan programatutako erakusketa honek manga generoaren maisuaren lana berrinterpretatu duten 26 artisten lanak biltzen ditu. Erakusketaren komisarioa Jorge Madejón da eta bertan honako artista hauek parte hartzen dute: Garluk Aguirre, Mikel Antero, Arubashi (Alba Cardona), Jordi Bayarri, Pedro Camello, Anabel Colazo, Borja Crespo, Deliciest, Enkaru, Aitor Etxebeste, Irina Hirondelle, Iñaki Holgado, Jon Juárez, Joseba Larratxe (Josevisky), Letucse, Stéphane Levallois, Garbiñe Martiarena, Isara, Gorka Ortega “Mac”, Patxi Peláez, Dani Ruiz, Studio Kôsen, Aritz Trueba, Paul Urkijo, María Vaz-Romero eta Wakaiki.
Artista bakoitzak ‘Dragoi Bola’ edo ‘Dr.Slump’ bezalako manga eta anime-en edo ‘Dragon Quest’ bideojokoaren diseinuaren sortzailea omentzen du. Izan ere, 80ko hamarkadatik, Toriyamak sortutako pertsonaiak erreferente bilakatu dira mundu osoko hainbat milioika jarraitzailerentzat. Bere istorioek adiskidetasunari, hobetzeko grinari eta bizitzaren ikuspegi positiboari buruzko gaien inguruko inspirazioa eskaini die hainbat irakurleri. Askorentzat, Toriyamaren lana marrazketan hasteko motibazioa ere izan da, bere pertsonaia ikonikoen esentzia errepikatzen saiatuz.