EAEko biztanleriaren erdia baztertua sentitzen da ingurune digitalean

Kontsumobideren azterlan baten arabera, EAEko biztanleen % 40 inguruk ezagutza teknologiko eta informatiko aurreratuak dituela dio

EAEko biztanleriaren gehiengo handi batek Internet erabiltzen du ia egunero eta ordubete baino gehiagoz. Hala ere, asko dira izapide digitalak egiten edo administrazioarekin edo enpresekin digitalki komunikatzen eroso sentitzen ez direnak.

Kontsumobidek arrakala digitalaren inguruan egin duen azterlan baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen erdia erabat edo zerbait baztertua sentitzen da ingurune digitalean. Adibidez, biztanleen heren batek baino gehiagok (% 35) laguntza edo aholkularitza behar du gailu digitalak erabiltzeko; % 39k dio ez dela erraza administrazioak eskatu ohi dituen izapide digitalak egitea eta laurden batek ezagutza teknologiko eta informatiko eskasak dituela onartzen du.

Internet

Kontsumobideren azterlanak erakusten duenez, EAEko biztanleen artean Interneten erabilera oso zabalduta dago. Biztanleen % 19k Interneten 6 ordu baino gehiago ematen dituela onartzen du eta % 22k hiru eta sei ordu artean. Internet egunero erabiltzen dutenen kopurua % 85 ingurukoa da.

Erabilera oso altua izan arren, asko dira erabilera horrekin eroso sentitzen ez direnak, % 15 inguru.

Erakunde pribatuekiko harremanei dagokienez, % 84k banka elektronikoa erabiltzen du; hala ere, % 27k, batez beste, eta %35ek, adinekoen kasuan, zerbitzuetatik, sustapenetatik edo eskaintzetatik kanpo sentitzen direla diote, baita teknologia-aditutzat jotzen den taldearen barruan ere.

Telekomunikazioen kasuan, online harremana txikiagoa da, % 44k diote erabiltzen dutela. Baztertuta sentitzen direnen batez bestekoa % 34koa da.

Bazterketa-sentimendua

Bazterketa-sentimendua zeharkakoa da eta ez da soilik adineko pertsonetara mugatzen. Galdetutako pertsonak prest daude digitalizazioan aurrera egiteko, baina sistema misto batekin bateratuz, arreta telefonikoa edo presentziala mantentzeko.

Azterlanak inkestatutako pertsonak bost taldetan banatzen ditu zenbait aldagairen baitan: aditu teknologikoak (% 13,3), online ohikoak (% 19), moderatu digitalak (% 30,6), urrutikoak (% 11,7) eta online ibiltzeko mesfidantza erakusten dutenak (% 25,4). 

Muturreko bi profilak alderatzen badira, genero- eta adin-eten bat dagoela ikus daiteke. Arrakala hori ez da hain ageriko erdiko taldeetan. Adibidez, aditu teknologikoen artean gehienak gizonak dira (% 64) eta erdia baino gehiago (% 52) 44 urtetik beherakoa da. Gainerako profilen artean, ordea, ehunekoak antzekoak dira generoari dagokionez; hala ere, urrutikoen artean, emakumeen kopurua % 69ra iristen da eta, adinari dagokionez, ia guztiek 55 urtetik gora dituzte.