Iruñeko Udalak Egile Berriendako Euskarazko Literatur Lehiaketaren XXXIV. edizioa jarri du abian, poesia eta narrazio modalitateetan. Lehiaketa hau Nafarroan jaio edo bizi diren eta euskaraz idatzitako lan argitaragabeak eta gai librekoak aurkezten dituzten egileei irekita dago.
Lanak aurkezteko epea datorren urriaren 28an amaituko da. Interesa dutenek www.pamplonaescultura.es webgunean dagoen inprimakiaren bidez aurkez ditzakete lanak.
Lehiaketa honen helburua da idazle berrien artean euskarazko literatur sorkuntza sustatu eta bultzatzea. Horregatik, liburu literario bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izango dute bakarka parte hartu. Aldizkarietan, egunkarietan edo argitalpen kolektiboetan egindako kolaborazioei eta itzulpenei ez zaie muga hori jarriko. Gainera, aurreko bi edizioetan lehen saria lortu dutenek ere ezin izango dute modalitate berean parte hartu edizio honetan.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake modalitate bakoitzeko.
Poesian, gutxieneko luzera 200 bertsokoa da; narrazioan, berriz, gutxienez 15 orrialde behar dira, Arial letrarekin 11 tamainan eta tarte bikoitzean.
Lehiaketak modalitate bakoitzeko hiru sari eskaintzen ditu: 2.500 euro irabazlearentzat, 1.000 euro bigarrenarentzat eta 500 euro hirugarrenarentzat. Gainera, lau aipamen ere aurreikusten dira, 250 eurokoak bakoitza, modalitatea edozein dela ere.
Lanak modu telematikoan aurkeztu behar dira www.pamplonaescultura.es webguneko lehiaketen atalaren bidez. Bertan oinarriak eta parte hartzeko formularioa ere kontsulta daitezke.
Izen-ematea udal erregistroetan ere egin daiteke, baina ez erregistro elektronikoaren bidez, parte-hartzaileen anonimotasuna ziurtatzeko.
Epaimahaiak beretzat gordetzen du sarietako edozein eman gabe uzteko edo ‘ex aequo’ emateko eskubidea; azken kasu horretan, saria hautatuen artean banatuko litzateke.