EHU/UPV munduko 400 unibertsitate onenen artean

Euskal Herriko Unibertsitatea ex aequo 301. eta 400. postuen artean kokatu da Shangai rankingean

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gora egin du Shangaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen sailkapenean eta 400 onenen artean kokatu da. Zehazki, euskal unibertsitate publikoa ex aequo 301. eta 400. postuen artean kokatu da. Azpimarratu behar da munduko 1.000 unibertsitate onenak biltzen dituen sailkapen horretan Estatuko hamar unibertsitate baino ez daudela. EHU Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren, Complutense Unibertsitatearen, Pompeu Fabra Unibertsitatearen eta Granadako Unibertsitatearen maila berean kokatu da. Aurreko sailkapenean UPV/EHU 400-500 postuen artean zegoen eta aurtengoan, beraz, maila bat igotzea lortu du. Izan ere 200. eta 500. postuen artean sailkapenak 100 unibertsitatez osatutako hiru multzo baino ez ditu bereizten. Kontuan izan behar da mundu osoan 20.000 unibertsitate baino gehiago daudela eta, hortaz, 400 onenen artean izatea aintzatespen handia da edozein unibertsitaterentzat.

Ohi bezala, sailkapenaren buruan AEBko eta Ingalaterrako unibertsitateak daude. Horiek dira, hain zuzen ere, Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohi gehien dituzten unibertsitateak. Sailkapena egiteko Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluen kopurua ere aintzat hartzen da.