EHUko bi ikaslek arrakasta handia lortu dute film labur batekin

Pablo Rodríguezen eta Unai Alarcónen ‘La Nochebuena de Miguelito’ film laburra saritua izan da Bilbon eta Kordoban.

Otxarkoaga. Gabon-gaua. Amona bat mortadela gabe geratzen da, eta bere biloba, Miguelito, lapurreta batean murgiltzen da harategian zakotea erosten duen bitartean. Ideia surrealista horretatik abiatuta eta, umore-klabean, garatzen da Pablo Rodríguez eta Unai Alarcón gazteek filmatu duten ‘La Nochebuena de Miguelito’ film laburra. UPV/EHUko ikasle horien lana saritua izan da ‘Otxarmetraje 2022’ jaialdian eta Kordobako ‘Suroscopia 2023’ unibertsitate-lehiaketan.

UPV/EHUn Kazetaritzako eta Ikus-entzunezko Komunikazioko gradu bikoitza ikasten ari den Rodríguezek zuzendaritzaren, gidoiaren eta narrazioaren ardura izan du. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak amaitu dituen Alarcón, berriz, alderdi teknikoaz, argazki-zuzendaritzaz, muntaketaz eta edizioaz arduratu da.

Filma

Bi gazteek ‘La Nochebuena de Miguelito’ film laburra pasa den urteko Otxarmetraje lehiaketara aurkeztu zuten. Bertan parte hartzen duten lanek Otxarkoaga auzoa agerian jarri behar zuten. Lanaren originaltasunari esker aipatu lehiaketako lehen saria irabazi zuten eta horrekin batera, 400 euro. Ondoren, Kordobako ‘Suroscopia 2023’ unibertsitate-lehiaketara aurkeztea erabaki zuten eta bertan Publikoaren bigarren saria irabazi dute. Kontuan izan behar da lehiaketa horretan estatuko eta nazioarteko unibertsitateetako ikasleek parte hartzen dutela. Aipatu sariaz gain, Kordobako lehiaketan ‘La Nochebuena de Miguelito’ film laburra Epaimahaiaren Sariko fikziozko atalean bost finalisten artean geratu da. “Erabakiaren zain gaude, baina guretzat finalista izatea jada izugarria da, aintzat hartuta obra oso itzelak aurkeztu direla” azaldu du Pablo Rodríguezek. Pablo Rodríguezek etorkizunera begiratzen du eta argi dauka ez diola lan egiteari utziko. “Ideia mordoa ditut, baina ona aukeratzen jakin behar da. Orain bost film labur ditut idatzita, datorren urteko lehiaketa espresetan filmatzeko, adibidez GetxoExpressen edo ZINEBI EXPRESSen”, adierazi du ilusioz beteta.