EHUko talde batek dementziaren hasierako kalte kognitiboak lehenera daitezkeela frogatu du

WIN55.212-2 farmakoak alzheimerraren lehen sintomak dituzten karraskarietan memoria-defizitari aurre egiteko gaitasuna duela erakutsi du

 Irakurketa denbora: 2 minutu

Rafael Rodríguez Puertas doktoreak zuzentzen duen UPV/EHUko Neurokimika eta Neurodegenerazioa taldeak gaixotasun neurodegeneratiboen tratamenduan itxaropenerako ate bat irekitzen duen aurkikuntza bat egin du. Taldeak frogatu ahal izan duenez, WIN55.212-2 farmakoak Alzheimer edo Parkinson bezalako gaixotasunak dituzten karraskarietan kalte kognitiboak leheneratzeko gaitasuna du.

Marta Moreno Rodríguez ikertzailearen doktore-tesiaren emaitza den aurkikuntza honek orain arte ezezaguna zen mekanismo bat azaleratu du. Izan ere, horrelako gaixotasun beten lehen sintomak azaltzen direnean farmako horrek garuna babesten duen neurotransmisio kannabinoidearen sistema aktibatzen du. Horri esker, memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituen azetilkolina neurotransmisorearen sintesia areagotzen da, neurotransmisio kolinergikoa estimulatuz.

Itxaropenerako ate bat

Hainbat urtez egindako ikerketen bidez ikusi ahal izan dutenez, “patologiaren garapen-etapa desberdinetan zeuden pazienteen autopsietan eskuratutako garun-ehunaren lagin oso zabal batekin egindako analisiei esker ikusi dugu ezen, bitxia bada ere, pazienteak alzheimerraren lehen sintoma klinikoekin hasten direnean, neuronen arteko transmisio-sistemetako bat, sistema kolinergikoa (memoria eta ikaskuntza kontrolatzen dituena eta neurotransmisore gisa azetilkolina erabiltzen duena), kaltetuta egoten dela pazienteak lehen ondorioak jasaten dituen eremuan; aldiz, ikusi dugu beste neurotransmisio-sistema bat, sistema kannabinoidea, areagotu egiten dela” azaldu du Rodríguez Puertasek.

Era berean, taldeak ikusi du gaixotasunak aurrera egin ahala sistema kannabinoideak ere kalteak jasaten dituela: “Dirudienez, sistema kannabinoide horrek sistema kolinergikoaren kaltetik babesteko erantzun bat du hasieran, eta garuna babesten saiatzen da. Beraz, itu terapeutiko bat da, eta ikertu egin behar da”, dio ikertzaileak.

WIN55.212-2 farmakoa

Ikertzaileek mekanismo natural hau aprobetxatu zuten WIN55.212-2 farmakoa gaixotasunaren hasierako etapetan zeuden karraskarietan administratuz. Emaitzek erakutsi zuten tratatutako animaliek beren gaitasun kognitiboak berreskuratu zituztela karraskari osasuntsuen antzeko mailetaraino, orientazio espazialean eta memorian hobekuntza nabarmena erakutsiz.

UPV/EHUn bertan garatutako teknika berritzaile baten bidez, taldeak zehaztasunez ikusi ahal izan zuen farmakoak nola jarduten duen garunean. Moreno Rodriguez doktoreak azaldu duenez, “hartzaile kannabinoideak aktibatu ziren eta azetilkolina mailak igo ziren garunean. Farmakoak sistema kolinergikoa leheneratu zuen eta memoria hobetu zuen”.

Rafael Rodriguezek uste du “molekula hau dementziaren sintomak tratatzeko farmako bihur litekeela, gutxienez gaixotasunaren hasierako etapetan”. Taldeak adierazi du azetilkolinaren aitzindariekin batera farmako kannabinoide nahaste bat ere aplikatu ahal izango litzatekeela.

Hala ere, gizakiengan aplikatzeko bideak oztopo ekonomikoari aurre egin behar dio. Erabilitako molekula, ikerketan erabilera librekoa izanik, “ez da enpresa farmakozeutiko jakin batek ustiatu dezakeen molekula bat”. “Toxikologia-azterketak eta saiakuntza klinikoak inbertsio handia dira sektore farmazeutikorako, eta molekula honek ez die etorkizuneko merkataritza-ustiapenaren aukerarik eskaintzen”, adierazi du Rodriguez Puertasek, “eta enpresek merkataritza-esklusibotasuna behar dute hori berreskuratzeko”.



Orain, taldea, CIC bioGUNE eta Vigoko Unibertsitatearekin lankidetzan, WIN55.212-2ren antzeko molekulak identifikatzen eta sintetizatzen ari da, industria farmazeutikorako interesgarriak izan daitezkeenak, eta horrela bide terapeutiko berri honen azterketa klinikorako bidea ireki.

Aztertutako garun-ehunaren laginak Euskal Biobankutik, Asturiasko Ospitale Unibertsitario Zentraletik eta Arizonako Barrow Neurological Institute-tik datoz.

Advertisements