Adituen ustez, amaitu berri den Parisko Klimaren Gailurra zen gizadiak aldaketa klimatikoa gelditzeko zuen azkeneko aukera. Gailur horretan lortutako akordioa, beraz, positibotzat jo beharko da, are gehiago, duela sei urte Kopenhagen-en izandako gailurrean emandako porrotaren ondoren. Izan ere, bertan bildutako ia 200 estatuetako ordezkariek gai horren inguruan hartzen den lehen akordio globala sinatu dute. Luze joko duen ibilbide baten lehen urratsa da, urrats bat besterik ez, baina edozein bidaietan bezala, ezinbestekoa.
Gailurraren hasieran xedea garbia zen: mende honen amaierarako, gure planetaren batez besteko tenperatura, industria aurreko aroarekin alderatuta, bi gradu baino gehiago ez haztea lortzea; eta ahal den neurrian, beharrezkoak diren esfortzu guztiak egingo dira 1,5 gradutara ere ez heltzeko. Horretarako, noski, estatu guztiek berotegi-efektua duten gas guztien emisioak nabarmenki mugatu beharko dituzte, horrek egungo ekonomietan duen eraginarekin. Egun garapen bidean diren estatuak izan dira oztopo gehien jarri dituztenak, bere hazkundea kolokan ikusi dutelako. Horregatik, jada garatuta diren herrialdeek, urtero, 100 000 milioi dolar jarri beharko dituzte. Dirutza horren xedea berotegi-efektua duten gasen emisio tasa baxua duen ekonomia baterako ibilbidea ahalbidetzea izango da.
Akordio historikoa
Parisen lortutako akordioa 2020. urtean jarriko da indarrean eta Pariseko Gailurrean parte hartu duten 195 estatuek bertan zehaztutakoa betetzera behartuta daude, hots, legalki loteslea da.Dagoeneko, jada, 187 estatuk bere nazio mailako konpromisoak aurkeztu dituzte. Helburua ahalik eta azkarren emisioak murriztea da eta, 2050. urterako, igorritako gasen tasa netoa zero izatea lortu nahi da, hots, igorritako eta xurgatutako gasen arteko oreka lortu nahi da. Horretarako adibidez, ezinbestekoak izango dira oihaneztapenerako, lur-kudeaketarako eta karbonoa metatzeko politika berriak.Gainera, bost urtetik bost urtera, estatu bakoitzak hartutako konpromisoak gorantz berrikusiko dira. Zenbait adituk azaldu dutenez, Parisen adostutakora soilik mugatuko bagina, tenperatura, batez beste, 2,7 gradutan haziko litzateke mende amaierarako.
Esan bezala, helburu hau lortzeko zailtasun gehien izango dituzten herrialdeak egun garapen bidean diren horiek izango dira (bereziki, Txina eta India) eta horregatik, herrialde aberatsenek, herrialde horien ekonomiak egokitzeko beharrezkoa den finantzaketa sustatuko dute. Modu horretan, aldaketa klimatikoaren arazoa inbertsoreen agendan ere sartzea lortu da. Diru hori baliabide gutxien dituzten herrialdeek aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egin ahal izateko ere erabiliko da, hala nola, itsas mailan izan daitekeen gorakada dela eta sor daitezkeen arazoak.
Ibilbide luzea
Parisen adostutako akordioa ibilbide luze baten ondorioa da. Izan ere, aldaketa klimatikoaren gaia duela 23 urte eztabaidatzen hasi zen. 1992an izandako lehen bilkura horretan, garatutako herrialdeek bere emisioak murriztu behar zituztela erabaki zen. Gaur egun, aldiz, herrialde hauek atmosferara emititzen diren berotegi-efektuko gasen % 35a besterik ez dute igortzen eta, ondorioz, lortutako akordioen moldaketa ezinbestekotzat jotzen zen. Kioton adostutako protokoloaren baitan, adibidez, herrialde bakoitzak derrigorrezko helburu batzuk zehaztu behar zituen baina formula horrekin soilik mundu mailako emisioen % 11 betetzea lortu da.
Esan bezala, akordio historikoa Parisen lortutakoa, eztabaida handiak behar izan dituena aurrera ateratzeko eta, lerro artean, ideia garrantzitsua ere utzi duena: petrolio eta bestelako erregai fosilen aroa amaitzear da. Ekonomia eredu ekologikoago baten atarian izango ote gara?