Azken hilabeteetan Adimen artifizialaren booma bizi izan dugu. Argi dago etorkizuna goitik behera aldatuko duen tresna dela, baina, aldi berean, zalantza edo beldur asko eragiten ditu. Izan ditzakeen aplikazio batzuen beldur izan behar al dugu?
Argi dago adimen artifizialak hainbat onura dituela, baina arriskuak ere baditu. Nik uste dut gaur egun onurak arriskuak baino handiagoak direla. Adibidez, aplikazio nagusia den Chat GPT-ren kasuan, egia da akatsak egin ditzakeela eta gezurrak ere esan ditzakeela. Horrek esan nahi du giza gainbegiratzea oraindik ere beharrezkoa dela.
Baina hainbeste aukera eskaintzen dituen tresna izanik, zergatik ematen da ikuspegi ezkor hori?
Gaur egun beldur handiegia dago adimen artifizialaren inguruan. Teknologia horren inguruan gaur egun dagoena baino eztabaida lasaiagoa behar dugu. Hasieran esan dudan moduan, epe motzean onurak arriskuak baino handiagoak izango dira. Hala ere, egia da arriskuak ere hor daudela eta normala da jendea kezkatuta egotea, adibidez, teknologia horrek bere lanean izango duen eraginarekin. Adimen artifizialak gaur egun egiten ditugun lanen balioa aldatu egingo du. Adibidez, sektore juridikoan, nik ezagutzen dudan horretan, gaur egun oso lan automatikoak egiten dituzten horiek dira beldur gehien izan beharko luketenak. Izan ere, abokatu baten balioa ez datza informazioa ekoiztean, hori adimen artifizialak egin ahal du.
Etorkizunean hainbat lanbide eraldatuko dira, baina horrek enplegua sortuko du. Lan merkatuaren inguruko eztabaida kezka gehien sortzen duen horietako bat izatea ulertzen dut, baina ez litzateke soilik adimen artifizialaren inguruan ardaztu behar.
Internet iritsi zenean, ziur aski, antzeko zerbait bizi zen. Asko ziren teknologia horrek izan zitzakeen mehatxuak edo arriskuak salatu zituztenak. Gaur egun, berriz, ia ezinezkoa zaigu Internet gabe bizitzea, baina egia da bilakaera horretan Dark Web bezalako fenomeno bat garatu dela. Antzeko zerbait gerta liteke adimen artifizialaren kasuan?
Gerta liteke. Egia da teknologia berriak agertzeak, batez ere tamaina handiko horiek, zenbait beldur eragiten dizkigula. Ikusi beharko litzateke garai horretan Interneten inguruan egin ziren iragarpen horiek bete diren ala ez. Eta bete ez diren kasu horietan zergatik ez diren bete eta horien ordez zer alternatiba izan diren ikusi beharko litzateke. Adibidez, hainbat pertsonentzat Dark Web-a altxor bat da. Teknologien kasuan, egia da, ematen zaien erabileraren arabera hainbat onura ekar ditzaketela, baina horrekin batera, aurreikusita ez zeuden beste zenbait erabilera ere ager daitezke.
Azken asteetan adimen artifiziala arautzeko beharrari buruz hitz egiten ari dira. Abokatua zarenez, nolakoa izan beharko luke, zure ustez, araudi horrek? Zer neurri har daitezke etorkizunean adimen artifizialaren garapen eta erabilera arduratsua bermatzeko?
Erantzun zaila duen galdera da, adimen artifiziala oso sistema konplexu eta deszentralizatua delako. Horrelako sistema bat goitik, kasu honetan Europar Batasunetik, erregulatu nahi izateak duen arazoa da erregulazio hori oso akastuna izan daitekeela. Hasteko, EBk bildu ahal izan duen informazio guztiak ez du zertan kasu guztiak kontuan hartu. Gainera, ez dago garbi, behin indarrean egonda, erregulazio horrek izan ahal dituen ondorioak. Era berean, ez dago argi ikaskuntza-mekanismorik badagoen, espero diren eta espero ez diren ondorio horiekin erregulazio hobea egin ahal izateko. Ni ezkorra nahiz puntu horretan, Espainiako kalitate arautzaile txarra oso nabarmena baita. Asko hitz egiten ari da adimen artifiziala arautzearen beharraz, baina, errealitatean, nahiz eta erregulazio zehatza ez izan, adimen artifiziala nolabait araututa dago: izaera pertsonaleko datuen babesa, zibersegurtasuna…
Nire ustez erregulazio deszentralizatuagoak behar dira, eraginkorragoak direlako. Zalantzak ditut, halaber, adimen artifiziala arautzeko ildo zientifiko bati jarraitzen ari ote diren edo ildo ideologikoei jarraitzen ari ote diren.
Nire ustez erregulazio deszentralizatuagoak behar dira, eraginkorragoak direlako. Zalantzak ditut, halaber, adimen artifiziala arautzeko ildo zientifiko bati jarraitzen ari ote diren edo ildo ideologikoei jarraitzen ari ote diren.
Nola arau daiteke hain dinamikoa den zerbait? Adimen artifiziala oso abiadura azkarrean aldatzen den zerbait dela dirudi eta, aldiz, legeak egiteko eta onartzeko denbora asko behar izaten da…
Horrela da. Adimen artifizialaren inguruko proposamena pasa den urteko apirilean atera zen eta oraindik ez dago indarrean. Hau da, urtebete baino gehiago pasatu da eta oraindik ez dago garbi noiz jarriko den indarrean. Prozesu legegileak motelak dira, burokratikoak, baina adimen artifizialak ez du itxarongo.
Teknologia honi buruz dagoen beldurretako bat da gizakiok ordezkatuko gaituela dirudiela; etorkizunean dena izango omen da makina. Zure ustez adimen artifiziala, adibidez, gaur egun diren ezagutzaren mugak modu autonomoan gainditzeko gai izango al da?
Hori ikusi beharko da; zaila da horrelako zerbait aurreikustea. Printzipioz, adimen artifiziala gure adimena baino azkarragoa bada guk espero ez ditugun edo espero ezin ditugun gauzak ager daitezke.
Baina Chat GPT bezalako tresnak gizakiok sortu dugun ezagutzaz elikatzen bada, nola eman ahal du urrats bat haratago?
Adimen artifizialaren ikaskuntza-prozesua eta gurea ez dira berdinak. Adimen artifizialak datu-bolumen handietatik ikasteko gaitasuna du eta, gizakioi ez bezala, adimen artifizialari ez zaio ezer ahaztuko. Hori da bere osagai iragarrezinetako bat eta arrisku gehien sor ditzakeena, ez baikara gai horrek izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko.
Zeintzuk dira adimen artifizialaren mugak? Adibidez, aipatu dituzun datu-bolumen handi horiek kudeatzeko energia-baliabide itzelak behar dira. Baliabide horien faltak mugatu ahal izango du adimen artifizialaren garapena?
Ez dut uste energia-baliabide faltagatik adimen artifiziala garatzeari utziko zaionik. Egia da modelo handiek muga bat izan dezaketela, baina horregatik jada planteatu da estrategia aldaketa bat. Gaur egun modelo txikiagoetan lan egiten ari da. Paradigma aldaketa horrek mesede egin ahal dio adimen artifizialaren eraginkortasunari, baina hori ikusteke dago.
Chat GPT bezalako aplikazioek sarean diren edukiekin ikasten dute. Baliteke modu koordinatuan edo bot-en bidez adimen artifizialak ikasten duen horretan eragin ahal izatea. Hau da, bultza daiteke adimen artifiziala guk nahi duguna ikastera?
Sarean dagoen horretan oinarritzen denez, adimen artifizialak informazio guztia jasotzen du, benetakoa dena eta baita faltsua dena ere. Adimen artifizialak sarean dagoen edozein informazio erabil dezake, baita faltsua bada ere. Hortaz, sarean den informazio faltsuak gora egiten badu, adimen artifizialak bueltan emango duen informazioa faltsua izateko probabilitatea ere altuagoa izango da. Izan ere, kontuan izan behar dugu, gaur egun, adimen artifizialak ez duela benetakoa eta faltsua den horren artean bereizteko gaitasunik, baina, hainbat kasutan, gizakiok ere ez gara gai!
Garatu ahala adimen artifiziala sormena edo sentimenduak bezalako ezaugarriak garatzeko gai izango al da?
Horren inguruan ez dago adostasunik. Beste eztabaida bat da hori desiragarria den ala ez.
Adimen artifizialaren inguruan den beste kezka bat hauteskundeetan edo sistema ekonomikoetan eragiteko duen gaitasuna da. Nola ikusten duzu mehatxu hori?
Arriskua hor dago; hori ukaezina da. Nire ustez, arriskuak kalkulatzeko introspekzioa eta autokritika egin beharko genituzke demokraziak nola funtzionatzen duen ikusteko. Adibidez, gaur egun oso zaila da zenbait gaien inguruan adostasun batera iristea. Adimen artifizial orokorraren kasuan adostasun batera iritsi nahi da, baina nire ustez oso zaila da.
Oso arriskutsua iruditzen zait politikari batek adimen artifiziala erabiltzea gu gehiago engainatzeko. Adimen artifizialak jendea manipulatzeko ahalmena duela uste bada, politikari baten eskuetan arazo hori areagotu egingo litzateke.