Pasa den martxoaren 8a, dakizuen bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen. Hainbat elkartek, mugimendu feministako eragilek eta erakundek egun hori zaintza erdigunean jartzeko erabili zuten. Gure aldetik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK), aste seinalatu hori emakume gazteek zaintzan eta zaintzaren esparru desberdinetan bizi duten egoera ezagutzera emateko aprobetxatu genuen.
Eta, zertaz ari gara zaintzaz ari garenean? Amaia Perez Orozco ekonomialari eta ekintzaile feministak ondo azaltzen du: “Zaintzok pertsona guztion egunerokotasunean ongizate fisikoa eta emozionala etengabe berreraikitzeko prozesua osatzen dute”. Beraz, zaintzak ez dira adinekoei edo haurrei laguntza ematea soilik, zaintza zer moduz zauden jakiteko deitzea ere bada, edo supermerkatura elikagaien bila joatea.
Zaintzok bizitza mantentzeko ezinbestekoak dira. Horregatik, aurten, EGKn Zaintzen Plaza sortuko da, gai hori ardatz izango duen espazioa. Zaintzen Plaza zaintzek duten garrantzia mahaigaineratzeko gune bat izango da, baita gazteriaren ikuspuntutik eredu publiko eta duin baten aldeko proposamen ezberdinak lantzeko gunea ere.
Emakumeek gizonek baino pisu handiagoa duten alor horretan, martxoaren 8an bezalako data esanguratsuetan lerroartera ekarri nahiko nituzke hainbat gauza. Adibideekin hasteko, datu oso adierazgarri bat azpimarratu nahi dut. Eustaten 2018ko datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino ordu bat eta hamaika minutu gehiago ematen dute egunero etxeko lanetan. Janaria prestatzen, etxea eta arropak garbitzen, erosketak egiten, eguneroko kudeaketak egiten… Gizonezkoek, aldiz, denbora gehiago ematen dute aisian, gizarteratzean eta beraien burua zaintzen.
Sektore feminizatuak
Adibideekin jarraituz, ikasle emakumeen ehunekorik altuena duten sei unibertsitate gradutik, lau zaintzarekin daude lotuta: haur hezkuntza, erizaintza, pedagogia eta gizarte hezkuntza. Horrek unibertsitate ikasketetan genero segregazio argia erakusten du eta emakumeak zaintzarekin zerikusia duten etorkizuneko lanpostuetara bideratzen ditu.
Ikasketekin gertatzen den bezala, lan ordainduan genero segregazioa ere ematen da. 2018an emakume gehien kontratatu zituzten bost sektoretatik bi zaintzarekin zeuden lotuta: osasun-jarduerak eta gizarte-zerbitzuak.
Sektore horiek feminizatuak eta prekarizatuak dira, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Besteak beste, eraikinetako garbiketako, jangela eta eskola-garraioetako eta nagusien egoitzetako langileez ari naiz.
Eraikinetako garbiketetako langileen % 80 emakumeak dira eta ehuneko horrek berak kontratu partziala dauka. Askotan, gainera, azpikontratazioak ematen dira. % 28ko aldea dago maskulinizatuta dagoen kale garbiketako sektorearen eta eraikin eta lokalen garbiketako langileen artean, 5.000 euroko arrakala. Hori guztia gutxi balitz, kutsadurarekiko esposizio-maila handiagoa dute lanpostu horretan jarduten duten pertsonek.
Jangela eta eskola-garraioko sektorea funtsezko lan bat bezala hartzen da, baina ez da hezkuntza-sistemako lanpostu bat. Egunean bi lan orduko kontratuak izan ohi dituzte, soldata oso baxuekin eta lan karga handiarekin.
Adibideekin amaitzeko, nagusien egoitzetako, etxez-etxeko eta eguneko zentroetako langileen sektoreak ere prekarizatuak dira. Are prekarizatuagoak Covid-19aren esposizio-maila dela eta. Lan karga asko duten lanpostuak dira, ratio handiegiekin eta azpikontratazio, pribatizazio, partzialtasun eta behin-behinekotasun arazoekin.
Beraz, eta bizi dugun egoera honetan, EGKn ezinbestekotzat jotzen dugu zaintzaren inguruan hausnartzea. Horretarako, Zaintzen Plaza proiektua garatuko dugu, zaintzak eta zaintzarekin lotutako sektoreek duten garrantzia erakusteko eta gazteen iritziak eta proposamenak lantzeko asmoarekin.