Emakume zientzialariei buruzko hiru solasaldi Donostian

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak “Emakume zientzialarien argitan” zikloaren edizio berri bat antolatu dute, emakumeek zientzian egindako ekarpenak ezagutarazteko

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako “Emakume zientzialarien argitan” zikloak emakume zientzialarien lana eta esperientziak ezagutarazteko hiru solasaldi eskainiko ditu udazken honetan. Saioak Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango dira, urriaren 8an, azaroaren 5ean eta abenduaren 10ean, 19:00etatik aurrera. Solasaldien formatua zuzeneko elkarrizketa izango da, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko dibulgatzaile zientifikoaren gidaritzapean.

Ziklo honen helburua da historikoki ikusezinak izan diren emakumeek zientziari egin dizkioten ekarpenak nabarmentzea eta esparru horretan aurre egin behar dioten diskriminazio iraunkorrari heltzea. Topaketetan, zientzialari gonbidatuek beren motibazioez, beren ibilbidean aurkitu dituzten erronkez eta beren jakin-min zientifikoa piztu duten gaiez hitz egingo dute. Gainera, zientzien eta humanitateen arteko dikotomia gainditzen lagunduko duten irakurketak gomendatuko dituzte, “bi kulturen” estereotipoari helduz.

Hiru saio

Lehen saioa urriaren 8an izango da, eta Laida Arbizu Agirre filosofoa izango du protagonista. “Filosofia negazionismoen aurrean” izeneko hitzaldian, negazionismoak hartzen dituen formak, nola hedatzen den eta horri aurre egiteko dauden mekanismoak aztertuko ditu.

Bigarren solasaldia azaroaren 5ean izango da, eta Olatz Ortega Vidales biologoak zientziarako irisgarritasunaren gaia jorratuko du “Herritarren zientziako proiektua, nola egin?” izeneko hitzaldian. Bere hitzaldia proiektu zientifikoetan herritarrek duten parte-hartzean eta ezagutza zientifikorako sarbidea demokratizatzeak dakartzan erronketan oinarrituko da.

Azkenik, abenduaren 10ean, material berriztagarrien ingeniaritzan doktore Alaitz Etxebide Etxeberriak emango dio amaiera zikloari, “Material berriztagarriak, zer diren?” izeneko hitzaldiarekin. Bertan, material berriztagarriek ikerketan dituzten ezaugarriak eta potentziala azalduko ditu, baita etorkizuneko jasangarritasunean duten garrantzia ere.

Solasaldiak podcast formatuan egongo dira eskuragarri Donostia Kultura Irratian eta Elhuyarren.