Zientziaren eta teknologiaren historian emakumeek egin dituzten ekarpenak, oraindik ere, ezkutuan daude. Gaur egun, nabaria da emakumeen aurkako bereizkeria arlo horretan. Emakume zientzialarien lana ezagutzera emateko, Elhuyarrek eta Donostia Kulturak ‘Emakume zientzialarien argitan’ izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute. Zikloa udazken honetan izango da eta hiru saio izango ditu: urriak 4 eta azaroak 8 eta 29. Hitzaldi guztiak Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean izango dira.
Emakume zientzialarien argitan
Ana Galarragak gidatuko dituen zuzeneko elkarrizketen bidez, esparru ezberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialarien lana ezagutu ahal izango da: Itziar Laka Mugarza, Amaia Bacigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasun dituzten.
Lehenengo hitzordua urriaren 4an izango da eta ‘Imajina ezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta’ izenburupean Itziar Laka izango da protagonista.
Azaroaren 8ko hitzaldian Amaia Bacigalupe izango da eta osasuna izango du ardatz ‘Osasuna ez da soilik gaixo ez egotea’ izenburuko solasaldian. Azken hitzorduak, azaroaren 29an, Lourdes Herrasti izango du protagonista ‘Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz’ solasaldian.