Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Bilboko Euskalduna Jauregiak feminismoari eta berdintasunari buruzko kongresua hartuko du urtarrilaren 17tik 20ra bitartean. ‘Emakumeak’ lelopean, kongresuak hainbat izen handi hartuko ditu: Ségolène Royal, Fawzia Koofi, Ana Peláez, Sindy Takanashi, Cecilia Castaño, Rosa María Calaf edo Izaro, besteak beste. Kongresuak amaiera emango dio 2022. urteko bigarren seihilekoan garatu den jarduera agenda bati: zinema, antzerkia, jardunaldiak, erakusketak, kaleko artea, bertsolariak, kirola, musika edo herri-bazkariak.
Irekiera ekitaldia urtarrilaren 17an ospatuko da ESAS emakumeen orkestrak Luberri Xuri Abesbatzarekin eta Vocalia Taldea abesbatzarekin batera eskainiko duen kontzertu batekin.
Hitzaldiak eta mahai-inguruak
Urtarrilaren 18an, hitzaldien txanda hasiko da. Lehenengo hitzaldia Frantziako ministro ohi Ségolène Royalek eskainiko du. Ondoren, Almudena Cachok dinamizatuko duen ‘Ekonomia, zaintzak eta arrakalak’ izenburuko mahai-ingurua izango da. Bertan, Cecilia Castañok, María Ángeles Duránek eta Iñaki Garcíak parte hartuko dute.
Egun berean, baina arratsaldeko saioan, Africa Baeta, Rosa María Calaf eta Paloma del Río komunikabideen eta berdintasunaren inguruan mintzatuko dira.
Urtarrilaren 19an hitzaldi nagusia Fawzia Koofi afganiar aktibistak eskainiko du. Jarraian, askatasun afektibo sexualaren inguruko mahai-ingurua izango da Ana de Miguel, Sindy Takanashi eta Miguel Lorenterekin. Arratsaldeko saioan, berriz, prostituzioaren inguruko zineforuma izango da Mabel Lozanoren eta Paka Diazen eskutik.
Urtarrilaren 20an, hitzaldi nagusia Nazio Batuen Emakumearen aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeko (CEDAW) batzordeburuorde Ana Peláezen eskutik izango da. Jarraian izango den mahai-inguruan Nuria Varelak, Marie Lucía Monshenekek eta Ritxar Bacetak etorkizuneko agenda feministaren inguruan hitz egingo dute Begoña Marañón dinamizatzaile dutelarik. Ondoren, Onintza Enbeitia eta Nerea Ibarzabal bertsolaritzaren inguruan arituko dira.
Kongresuari amaiera emateko, Elena Arzak, Nieves Barragán, María Marte, María José San Román, Zuriñe García eta Asun Ibarrondo partaide izango dituen mahai-inguru bat izango da. Ondoren, kontzertu akustikoa eskainiko dute Izarok eta Christina Rosenvingek.
Emakumeek erakusketa-gune bat izango dute (Bizkaiko emakumeak ardatz duen argazki-erakusketa bat aurkeztuko da), bai eta adingabeak zaintzeko gune bat eta liburu-denda bat ere.