Emantzipak 6.500 eskaera baino gehiago jaso ditu

Otsailaren 20an abian jarri zenetik, laguntza eskatu duten gazteen % 70ek baino gehiagok alokairua aukeratu du emantzipatzeko

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak bultzatutako Emantzipa programak 6.500 eskaera baino gehiago erregistratu ditu lehen sei hilabeteetan. Programa 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie eta, horri esker, gazteek 300 euroko laguntza jaso dezakete hilero, gehienez ere 24 hilabetez, haien emantzipazioa errazteko.

Eskaerak

Eskaera egin duten gazteen % 72,3k alokairurako laguntza eskatu dute eta % 22,7k, berriz, etxebizitza bat erosteko laguntza. Eskaeren erdia baino gehiago (% 52) Bizkaian egin dira, heren bat (% 33) Gipuzkoan eta % 15 baino ez Araban. Udalerriei dagokienez, Bilbo (1.593 eskaera), Gasteiz (829), Donostia (811), Barakaldo (273) eta Getxo (177) dira eskaera gehien jaso dituztenak.

Generoaren arabera, eskaeren % 59,7 emakume gazteei dagokie eta % 40,3, berriz, gizon gazteei. Urteko diru-sarrerei dagokienez, eskaera egiten duten gazteek 19.930 euroko sarrerak dituzte batez beste. Etxebizitza erosita emantzipatzen diren gazteek, batez beste, 22.327 euroko sarrerak dituzte eta alokairuan emantzipatzen diren horiek, berriz, 19.014 eurokoak.

Emantzipa programa bateragarria da Eusko Jaurlaritzaren beste ekimen batzuekin, hala nola Gaztelagun programarekin, alokairurako laguntzekin eta gazteei laguntzeko beste neurri batzuekin, hala nola hiru urtera arteko seme-alabak hazteagatiko laguntzekin eta Haurreskolen doakotasunarekin. Emantzipa prestazio horiekin bateragarria den arren, eskatzaileen % 66,09k ez du beste laguntzarik jasotzen emantzipatzeko.

Eskabide gehienak (% 93,6) modu telematikoan aurkeztu dira, programaren webgune ofizialaren bidez. Gainera, interesdunek informazio gehiago eskuratu edo zalantzak argitu ditzakete hainbat kanalen bidez, hala nola GAZ Emantzipaziorako Zerbitzua edo GAZ bulegoak Bilbon eta Barakaldon.