Eta gure emantzipazioa?

Emantzipatzea gazte gutxi batzuek soilik eman dezaketen pausua da, luxu bat bailitzan, gizarteak etxebizitza oinarrizko eskubide bat dela ahaztu izan balu bezala. 2008ko krisiaren ondorioei hala-moduz buelta ematen ari zen belaunaldia izaki, COVID-19aren krisiak bete-betean harrapatu gaitu. Pandemiak gazte askoren emantzipazioa atzeratu edo eten egin du, beste irtenbiderik ezean gurasoen etxera bueltatuz. Gauzak horrela, 2021 honek azken urteetako egoerarik gordinena utzi digu gazteoi emantzipazio aukerei dagokienez.

Baina zer da arazo horren guztiaren atzean dagoena? Enplegua eta etxebizitza, etxebizitza eta enplegua, ezin daiteke emantzipazioari buruz hitz egin bi elementu horiek aztertu gabe.

Egoera prekarioa

Orokorrean, gizartean eta lan-merkatuan 2008ko krisiari buelta ematen ari zitzaiola esaten zen COVID-19aren krisia aurretik. Gazteon egoera ordea, oso prekarioa zen jada. Zeri deitzen diogu prekarietatea? Lau faktore hartzen dira kontuan hori zehazteko: soldata baxuak, behin-behinekotasuna, desiratuak ez diren lanaldi murriztuak eta gain-kualifikazioa. Faktore horiek gazteek lan merkatuarekin harreman txikia izatea eta posizio zaurgarrian kokatzea eragiten dute.

Hori azkeneko krisi honekin aplikatu diren ABEEetan ikusi da. Gazteen aldibaterakotasun-tasa handia agerian geratu da; izan ere, pandemian kontratu horiek eten egin dira eta langile gazte horiei ez zaie beste aukerarik eman, formakuntza mailarik altuenetakoa duen kolektibo horren langabezia-tasa gehiago handituz.

Enpleguaren egoera kezkagarria gutxi balitz, etxebizitzaren merkatua ez da batere irisgarria gazteontzat. Gaur egun topatzen ditugun alokairuen prezioek, gazteok gure soldataren gomendaturiko gehienezko zorpetze portzentaia (% 30) baino askoz gehiago alokairura bideratzera behartzen gaituzte, zehazki % 50,4, batez beste. Aldi berean, etxebizitzaren erosketa prezio aldetik eskuragarriago egon arren, enpleguko ezegonkortasunak erosketa zailtzen du. Horiek dira, EAEn emantzipatutako gazteen batez besteko adinak 30 urteren bueltan egoteko arrazoi nagusiak.

Emakume gazteen egoera okerragoa da

Aipatzekoa da gainera gaztea izateaz gain beste ezaugarri zaurgarri batzuen zeharkakotasuna, etxebizitzari genero ikuspegitik edota pertsona migratuen edota arrazializatuen ikuspuntutik so eginez gero. Soldatetan dagoen genero-arrakala dela eta, emakumeek, batez beste, beren soldataren % 8,9 gehiago bideratu behar dute etxebizitza libre bat alokairuan hartzeko, eta bi faktore horiekin, zein da ekuazioak ematen digun emaitza? 

2019ko datuen arabera, EAEn 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 36 zegoen emantzipatuta. Danimarkako kasuan, berriz, % 82,8. Europar Batasuneko batezbestekoa % 51,8koa da. 

Gainera, kontuan izan behar dugu, pandemia dela eta, Espainiar Estatu mailan 16-35 adin tartean diren gazteetatik 228.600 gaztek gurasoen etxera bueltatu behar izan dutela Estatistikako Institutu Nazionalak emandako datuen arabera. 

Hori horrela, garrantzitsua ikusten da administrazioetatik kalitatezko enpleguak sustatzen dituzten neurriak ezartzea. Aldi berean, beharrezkoa ikusten da ematen diren prekarietate egoerak ez errepikatzeko eta langileen osasuna zein lan baldintza duinak bermatzeko barne ikuskaritza handitzea. Horrekin lotuta, garrantzitsua da beka zein praktika formulekin bukatzea, ikasteko ez bada. 

Etxebizitza

Etxebizitzari dagokionez, ezinbestekoa da dirulaguntza zuzenetatik haratago doazen politikak egitea, eta alokairuan eskaintzen den parke publikoa nabarmenki handitzea. Gazteon enplegu egoeraren aldakortasunera egokitu daitekeen errentaren ordainketa sistema bat premiazkoa da, eta betiere, ziurtatzea errentaren kostuak ez dezala gain-zorpetzearen muga gainditu. Hau da, ez dadila izan errenta ordaintzen duen gaztearen soldataren % 30 baino altuagoa.

Etxebizitza politika horiek ez lirateke eraikuntza berrian soilik oinarrituko, etxe hutsei irtenbide bat emateak ere asko lagunduko luke. Etxe hutsen erregistro bat beharko litzateke, eta ziurtatu, etxe hutsen zerga ekiditeagatik alokairu merkatuan jartzen diren etxebizitzak, prezio irisgarrietan jartzen direla.  

Eraikuntza berria edo eraberritzeak planteatzen diren kasuetan aldiz, etxebizitza eredu berriak aztertu eta eskaintzea interesgarria da, izan ere, gaur egun, etxe bila ari diren pertsonen familia edo bizikidetza unitateak eta merkatuak gailentzen den familia tradizionalari erantzuten dion ereduak, ez dute bat egiten.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren helburu nagusia gazte eta administrazioaren arteko zubi lana egitea den heinean, enplegua eta etxebizitza lan-arloetatik gazteon emantzipazioaren inguruko gaiak jorratzen ditugu. Emantzipa…zer? lan-taldea dugu, espazio bat non, EGK-ren baitan dauden elkarteek zein kanpoko hainbat gaztek, aipatu ditugun gaien inguruan eztabaidatzeko eta proposatzeko aukera dugun. Finean, alternatibak jorratzen ditugu, ondoren gure ahotsa politika publikoetara heldu dadin.

Beraz, artikulu honekin identifikatuta sentitu bazara, parte hartzera gonbidatzen zaitugu, asko baitugu esateko.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.