Gazteen langabezia Europa osoan kezka handia sortzen duen arazoa da. Izan ere, Europako gazteriaren % 14, 3 (5,5 milioi gazte inguru) niniak dira. Egoera hori zuzendu nahian, Europako gobernu gehienek hainbat baliabide bideratzen dituzte lan merkaturatze programak garatzeko. Horien artean, ezagunena, agian, Europako Batzordeak ezarri zuen Gazte Bermea Sistema da. Hala ere, egoerak hobera egiten ez duenez gero, asko dira neurri horien eraginkortasuna zalantzen jartzen dutenak. Horiei erantzuna emateko, urte honen hasieran Youth Employment partnerSHIP izeneko ikerketa proiektua abian jarri da. Bertan, UPV/EHUko Sara de la Rica katedradunak zuzentzen duen taldeak hartuko du parte. De la Ricak berak azaldu duenez, “Scarring effect edo orbain efektua izenaz ezaguna den fenomeno bat existitzen da, zeinak azaltzen baitu gazteek kalitatezko enpleguak lortzeko aurre egin beharreko zailtasunek, gazteen ongizatean berehalako efektua izateaz gain, epe luzerako kostuak ere badituztela. Frogatuta dago lan ibilbidearen hasierako baldintzek ondorio iraunkorrak dituztela denborak aurrera egin ahala”.