1987ko ekainaren 15ean, Europar Batasuna osatzen zuten Estatu kideetako ikasleei beste estatu batean ikasketak burutzea ahalbidetzen zien Erasmus izeneko programa jarri zen abian. Aurretik, sei urtez izan ziren Europako unibertsitate ikasleen arteko trukeak probatzen eta, hasiera batean, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua kontra izan arren, azkenean Erasmus programa indarrean jartzea lortu zen. Lehen ikasturte horretan 3.244 ikaslek osatu zuen lehenengo Erasmus belaunaldia. Gaur egun, 3 milioi gazte baino gehiago bizi izan dute Erasmus esperientzia. Programaren izena Erasmo Rotterdamgoaren omenez jarrita dago baina, aldi berean, EuRopean Community Action Scheme for the Mobility of University Students izen ofizialaren akronimoa da.
Erasmus programak, beraz, 30 urte beteko ditu aurten eta urte horietan guztietan goi-mailako hezkuntzako ikasleen mugikortasunaren eta Europaren sinonimo izan da. Guztira, esan bezala, hiru milioi gazte baino gehiagok parte hartu dute gaur egun Erasmus+ izena duen programan. Modu horretan, hezkuntza programa bat baino, Erasmus programa fenomeno sozial eta kulturala bilakatu da, gazte askorentzat atzerriko herrialde batean bizitzeko lehen aukera izan baita.
Ezagunena izan arren, Erasmus ez da ikasleen edo trebakuntzan diren pertsonen mugikortasuna sustatu duen programa bakarra. Hor ditugu, adibidez, Lanbide Heziketako ikasleei bideratutako Leonardo da Vinci programa; Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zentratu den Comenius programa; edota pertsona helduen hezkuntzarako garatu zen Grundtvig programa. Programa horiek guztiak eta baita gazteria eta kirol arloan garatzen ziren beste hainbat Erasmus+ programan bateratu ziren 2014. urtean.
Erasmus+ programak zazpi urteko iraupena izango du, hots, 2020. urtera arte eta bere helburua ez da nolanahikoa. Izan ere, epe horretan lau milioi pertsona baino gehiagok berea ez den herrialde batean ikastea, trebatzea, lan egitea edo boluntariotza lanetan aritzea lortu nahi da. Horretarako, Europar Batasunak ia 15.000 milioi euro bideratuko ditu.
Europa ez da bere unerik onenean. Azken urteetan asko izan dira Batasunaren oinarriak zalantzan jarri dituzten arazoak (Grezian izan den krisia, ultraeskuindarren gorakada, errefuxiatuen arazoari eman zaion erantzuna, Brexit-a…) Hala ere, Europa aspaldi hasi zen protagonismoa galtzen: militarki eta ekonomikoki. Horri buelta emateko Europak bere ekoizpen-ehuna aldatu behar du eta aldaketa hori Europa 2020 izeneko hamar urtetarako plangintzan islatu da. Ezagutzan oinarritutako ekonomia baten aldeko apustua egin da, beste esparruetan ezinezkoa baita askoz merkeago ekoizten duten herrialdeekin lehiatzea. Horrela, gero eta gehiago dira prestakuntza maila altua eskatzen duten lanpostuak eta, berriz, gero eta gutxiago prestakuntza maila baxua eskatzen dituztenak. 2020. urterako, enpleguen % 35 inguru gaitasun maila handikoak izango direla aurreikusten da (goi mailako ikasketak amaituta izatearen baliokide). Europa 2020 estrategia horren barruan, hezkuntza eta trebakuntza garapenerako ezinbestekotzat jotzen dira, ez bakarrik ekonomikoa, baita soziala ere eta, horregatik, prestakuntzak lan merkatuaren beharretara egokitzea funtsezkotzat jotzen da. Erasmus+ programak bereak egiten ditu Europa 2020 programaren helburuak. Eta, horregatik, besteak beste, Erasmusek mugikortasuna sustatzen du.
Izan ere, gero eta globalizatuagoa den gizarte batean, atzerrian trebatzekoa aukera izan duten gazteek berariazko diziplinetako ezagupenak bereganatzeaz gain, funtsezkoak diren eta lan munduan oso balioztatuak diren zeharkako gaitasunak ere indartzen dituzte. Ikerketa desberdinek azaldu dutenez, nazioarteko esperientzia duten tituludunak hobeto moldatzen dira lan merkatuan eta epe luzeko langabezian izateko aukeren erdia dute.
Gaitasunez gain, badira mugikortasunak bizitza profesionalean duen eragina aztertu duten lanak. Horrela, Erasmus praktika bat burutu zuten ikasleen heren bati baino gehiagori enpresa hartzaileak lan eskaera bat egin zion. Gainera, esperientzia horrek ekintzailetza ere sustatzen duela dirudi: hamar ikasleetatik batek bere enpresa propioa sortu du eta hiru laurden baino gehiagok aukera hori aurreikusten du. Bestalde, mugikortasunak eragin zuzena du enplegu tasetan. Erasmus aurreko ikasleek atzerrira joan ez direnek baino epe luzeko langabezia pairatzeko aukera gutxiago dituzte, erdia, hain zuzen ere. Graduatu eta bost urtetara, mugikortasuna gauzatu duten ikasleen langabezia tasa mugikortasuna gauzatu ez dutenena baino % 23 baxuagoa da.
Erasmus ikasleek, gainera, bere ibilbide profesionalean azkarrago garatzeko aukera gehiago dituzte. Inkestatutako enpresarien artean, % 64k onartzen du nazioarteko esperientzia duten tituludunei, normalean, ardura profesional handiagoak ematen ohi zaizkiela. Proportzio hori % 51 hazi da azken hamarkadan.
Abantaila profesionalak eta pertsonalak ez ezik, Erasmus programaren garrantziak europar esparru akademikoa gainditu eta gazteen artean kohesioa eta Europar Batasunaren ezagutza sustatzeko elementu garrantzitsua izatearen aintzatespena lortu du. Hori dela eta, ‘Erasmus belaunaldia’ terminoa ere erabiltzen ohi da esperientzia horren bidez mugaz haraindiko adiskidetasun harremanak eta europar hiritartasunaren kontzientzia duten unibertsitate ikasleak bereizteko.
Erasmusek dituen konnotazio positiboak hezkuntza ondorengo etapari aurre egin behar zaionean ere ikus daitezke: ikasleen itxaropenak lan merkatuan hobetzen dira aurreko ezagupenak edo trebakuntza zabaltzen dituztelako, hizkuntza-jariotasun handiagoa azal dezaketelako edota egoera zail eta testuinguru berrietara egokitzeko gai direlako.