Erdi egiek gehiago desinformatzen dute

Benetako datuek, testuinguru oker batean, gezurrek baino gehiago engaina dezakete

Erdi egiak, hots, testuinguru oker batean emandako benetako datuak, faltsukeriak baino pertsona gehiagorengana iristen dira, eta biztanleria engainatzeko potentzialtasun handiagoa dute. Hori da, hain zuzen ere, pasa den hilabetean ‘Science’ aldizkarian argitaratu diren bi ikerketetan ondorioztatzen dutena. Ikerketa horiek Estatu Batuetan egin dira eta desinformazioaren fenomenoa hainbat ikuspegitatik aztertu dute. Lehenengo ikerketak covid-19aren aurkako txertoen segurtasunaren inguruan zalantzak eragiten zituzten Facebook-eko mezuak aztertu ditu. Kasu horretan, titularretan benetako datuak azaldu ohi dira, baina interpretazio oker batekin, eta hori immunizazioarekiko mesfidantzan funtsezko faktoretzat hartu da. Bigarren ikerketak 2020ean AEBn izan ziren hauteskundeak aztertu ditu eta ondorioztatu ahal izan duenez, Twitter-eko erabiltzaileen % 1ek baino gutxiagok gezurren % 80 baino gehiago zabaldu edo partekatu zuten.

Ikerketa biek agerian uzten dutenez, Interneten den gezurrezko informazioaren ehuneko handi bat erabiltzaile gutxi batzuek sortzen dute. MIT-eko ikertzaile Jennifer Allenek gidatu du txertoen inguruko ikerketa eta, bere ustez, egiazko albiste eta albiste faltsuek antzeko potentzialtasuna dute txertaketari buruzko zalantzak sortzeko. Facebook-en ageriko albiste faltsuak oso ohikoak ez diren arren, aztertutako adibide engainagarrietako batek sei aldiz ikusgarritasun handiagoa izan zuen artikulu faltsuen multzo osoak baino. Hau da, egia erdiek nabarmen gehiago eragin zuten txertaketa-tasa baxuetan AEBn gezurrek baino.

Beste ikerketaren arabera, ‘desinformazioaren influencer’-ek, erabiltzaileen % 0,3 inguru, Twitter-en diren albiste faltsuen % 80 sortzen dute. Kontu horiek sare sozial horretako erabiltzaileen % 5 ingurura iristen dira, batez bestekoa baino ehuneko nabarmen altuagora. Ikerketa horretan ikusi ahal izan dutenez, albiste faltsu horien sortzaile eta zabaltzaile gehienak, hein handi batean alderdi errepublikarrari botoa ematen dioten eta estatu kontserbadoreetan bizi diren adin-ertaineko emakumeak dira.